Lautadako nekazarientzako, zerbitzu berria

Itsaso Estarrona 2017ko abe. 15a, 10:26

Elikagaiak eraldatzeko zentro bat ireki nahi dute eskualdean; oraingoz, lekaleak garbitu eta ontziratzeko zerbitzua eskainiko dute

Arabako Lautadan lehenengo urratsak egiten ari dira, bertako nekazari eta abeltzainei zerbitzu berri bat eskaintzeko: elikagaiak eraldatzeko zentro bat. Hain zuzen, proiektu horren lehenengo emaitza espero dute laster, lekaleak garbitu eta ontziratzeko makineria jartzeko azken tramiteak egiten ari baitira. Araiatik oso gertu kokatuko dute makineria berria, Donemiliagako Okiturri industriaguneko pabiloi batean

Landa garapenerako Lautada elkartea ari da egitasmoa gidatzen (ADRA). Izan ere, haren azken planean (2015-2020) behar bat antzeman zuen eskualdeko nekazari eta abeltzainen artean: elikagaiak tratatzeko baliabide-premia. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat egin zuten iaz, eta 180 ekoizleren eskakizun zehatzak jaso zituzten –horietatik 21, ekologikoak–. 

Hainbat eskaera egin zituzten nekazari txikiek, hala nola  fruta- eta barazki-kontserbak egiteko makineria, hegazti- eta untxi-hiltegi bat, behi-hiltegi bat eta lekaleak garbitu eta ontziratzeko makineria.  

Datu horiek eskuetan, bideragarritasun plan bat egin zuten, eta emaitzak duela bost hilabete eman zituzten ezagutzera. Horien arabera, onura ugari ekarriko lituzke elikagaiak eraldatzeko zentro batek Lautadan: ekoizleek balio erantsia eman ahalko liekete beren produktuei; nekazarien arteko harremanak estutuko lirateke; ekoizleek elkarrekin bilatu ahal izango lituzkete merkatu berriak; eta, era berean, kontsumitzaileei bertako produktuak eskaini ahalko lizkiekete, gaur egun kontsumitzen dituztenak baino jasangarriagoak, kasu askotan.  

Gizarte-emaitza on horien aldean, aurreikuspen ekonomiko defizitarioak aurreikusi ditu ikerketak. Hori dela eta, zentro hori martxan jartzeko finantzazioa bilatzeko lanean ari dira Lautada elkartean. Bitartean, lortu dute zerbitzuetako bat martxan jartzea: lekaleak garbitu eta ontziratzekoa, hain zuzen ere. 

Oraindik xehetasunak lotzen ari dira, eta laster emango dute horien berri. Etorkizunean, fruta- eta barazki-kontserbak egiteko zerbitzua eskaini nahiko lukete.

  

Hegazti hiltegi bat ireki nahi dute

Lautadako nekazari eta abeltzainen artean egindako ikerketaren arabera, hegazti-hiltegi bat da bertako ekoizleen premia nagusietako bat. Gaur egun, ez dago hegaztiak hiltzeko zerbitzurik Euskal Autonomia Erkidegoan. Enpresa eta elkarte pribatu batzuek badituzte beren hiltegiak, baina horietatik kanpoko nekazari eta abeltzainek ezin dituzte erabili. Tafallako hiltegira joaten dira arabar asko. Egoera aztertuta, landa garapenerako Lautada elkarteak hiltegi bat jartzeko eskaera egin berri du Arabako Batzar Nagusietan. Oiloak eta bestelako hegaztiez gain, untxiak sakrifikatzeko ere balioko luke zerbitzu berriak, eta "ekoizle askori haien jarduna profesionalizatzeko modua emango lieke", proiektuan zehaztu dutenez. Finantzazioa da orain falta zaiena. .

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide