alea.eus

Erroa, herri gogoa

Amaia Gartzia 2017-12-01 14:35   Iritzia  Lautada

"Ordurarte egindako beste ekimenekin baino kohesio sozial handiagoa, handiena, erdietsi genuen".

Erroa, herri gogoa
Lautadako Euskararen Komunitatea eratu zuten joan den urriaren 19an. / Alea | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaraldia, hainbat herri-ekimenen erantzunari esker loratuko den 11 eguneko udaberria izango da gure hizkuntzarentzat. Araban, iaz burututako Aguraingo 75 ordu euskaraz dugu ekimen horien artean. Euskarari bidea emateko konpromisoa hartu zuen herriak, bertako euskaldunok euskara konplizitate osoz erabil genezan. Denon harridurarako, eta gozamenerako, ordurarte egindako beste ekimenekin baino kohesio sozial handiagoa, handiena, erdietsi genuen. Emaitzek hori transmititu digute. Hizkuntza pedagogiak funtzionatzen duela erakutsi dugu. Erronka bat baino, apustua izan zen, egin, egingo genuela baikenekien. 

Orain, Euskaraldiari begira, eta gure herriko "euskal udaberriak" utzitako zapore onak kontagiaturik, Lautada mailan burutzerik izango ote genuen hasi ginen galdezka. Literalki ere, zortzi udalerrietako eragile sozialei eta 63 herriri galdera hori egin baitiegu. Udan zehar, 56 herrirekin kontaktatu dugu, eta 55ek euren onespena eman dute.

Emaitza, beste urrats historiko bat izan da, joan den urriaren 19an gorpuztua: Lautadako Euskararen Komunitate eratu berri horrek, modu koordinatuan, Lautada eskualde bezala parte hartzea erabaki zuen 107 pertsona bildu zituen bileran. Euskaraldian gogo biziz parte hartuko duen Lautadako hanka soziala, dagoeneko ibiltzen hasia da. Nola gainera. Bada, gure Lautadak hanka bat altxatu du, jarraituko ote dute bertako udal, kuadrillak eta Aldundiak –hanka politikoak– erritmo bera eta euskararen bidean behingoz ibiltzen has dadin utziko diote? Ez dezatela ahantz: erroan, herri gogoa. Gu elkarlanerako prest gaude. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa