Itxaronaldi luze baten ondoren, Agurainek agur esango dio herriko gune beltz bati: Curtidos enpresa ohiaren eraikina, hondamendi-egoeran dagoena. Zortzi urteko gorabeheren ostean, hura botatzeko lanak kontratatu ditu herriko Udalak.
Kutsadura-foku handia da gaur egun industria-eraikin ohia. Aurreko legealdian, txosten bat eskatu zuen udal gobernuak (garai hartan, EH Bilduren esku), eta, horren arabera, 1.600 tonara iristen da kutsatutako materiala. Asko dira 5.000 metro koadroko eremuak pilatzen dituen produktu arriskutsuak: koloratzaileak, disolbatzaileak, koipe sintetikoak, fuel-olioa, hidrokarburo-arrastoak, erretxinak, amiantoz estalitako uralitazko teilatuak, fibrozementu amiantodunak eta ur kromikoak, besteak beste. Hori dena, Urzabal errekatik oso gertu –Zadorraren ibaiadarretako bat–.
Behin industriagune ohia garbitzen duenean, eremua birgaitu nahi du Udalak (EAJ). Zehazki, 40 etxebizitza eraikiko ditu bertan –eta beste 60 Harresi inguruan–. Horrekin batera, espazio berde zabal bat prestatu nahi du.
Zortzi urteko itxaronaldia
2009an itxi zuten Curtidos enpresa, larruak ontzen zituena, eta okerrera egin du ordutik eraikinak. 2014an, Udalak botatzeko baimena lortu zuen, baina jabeetako batek ez zuen zegokion kopurua ordaindu nahi izan.
Zehatz-mehatz, hiru jabe zituen lehen lurzoruak: %66a Bonabarros eraikuntza-enpresarena zen; %31, Txingurrimendirena, langile ohiek osatuta; eta gainerako %2,4, Udalarena. Herriko instituzioak beharginen zatia erosi zuen iaz, hartzekodunen konkurtsoan baizegoen. Aldiz, etxegileekin akordio batera iristea falta zitzaion, zegokion zatia ordaindu zezaten.
Negoziatu eta akordioa itxi dute orain. Hala, Udalak lantegia botatzeko kontratua esleitu du, 221.400 euroan. Lehiaketara aurkeztutako sei enpresen artean, Tximistarrik lortu du lana. Behin makinak lurzoruan sartzen dituenean, bi hilabete eta erdiko epean amaitu behar ditu. Ondoren, beste bi faseri ekin beharko zaie: kutsadura-garbitzea eta lurzoruaren urbanizazioa; dena, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin, etxegileek eta Udalak ordainduta.
Oposizioko talde nagusiak, EH Bilduk, prozesuaren "opakotasuna" salatu du maiz. Koalizioaren ustez, Udalak eraikuntza-enpresaren "interes pribatuak" lehenetsi ditu akordioa ixteko.