Duela hilabete batzuk, Zalduondoko gazteek indarkeria matxistaren aurkako ekimena abian jarri zuten. Besteak beste, sinadura bilketa martxan jarri zuten, eta guztira, 200 lagun inguru atxikitu dira gazteek proposatutako manifestura.
Zalduondoko udalari ere konpromisoa eskatu diote gazteek. Zehazki, indarkeria matxistari aurre egiteko manifestua bere egitea eskatzeaz gain, Zalduondo indarkeria matxistaren kontrako udalerri izendatzea proposatu dute. Era berean, udalak antolatzen dituen ekintzetan konpromisoak betetzen direla ziurtatzea nahi dute.
Datorren larunbatean, ezohiko udal batzarra egingo dute Zalduondon, proposamena bozkatzeko. Herriko alkate Gustavo Fernandez Villatek Zalduondok ekimenarekin bat egiten duela adierazi du, ohar baten bidez. "Aurrekaririk gabeko" ekimena dela gaineratu du alkateak, "gure udalerriko gazteriaren kontzientziazio eta konpromiso maila islatzen duena".
Batzarra eta gero, Zalduondoko zinegotziak eta auzokideak, kalejiran, herriko sarreretara abiatuko dira, indarkeria matxistarik gabeko udalerrian sartzen ari dela iragartzen duten seinaleak jartzera.