Kuadrillaren nortasuna aldarrikatu eta, era berean, herrien arteko sarea sendotzeko, Lautada Eguna antolatzen dute urtero. Igande honetan, azaroaren 5ean, Dulantzik egingo die ongi-etorria eskualdetik gerturatzen direnei. Azokak, musikak, dantzak eta gastronomiak elkartuko ditu hitzordura.
Landa Garapenerako Elkartearen eskutik, seigarren jaialdia izango da igandekoa. Kuadrillan egiten denaren erakusleiho izan nahi du jaiak, eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute.
Nordic Walking ibilbidearekin hasiko dute goiztiarrek, 08:00etan, Lautadako Eguna. Dulantziko kiroldegitik abiatuta, zortzi kilometroko ibilaldia prestatu dute.
Ohi den moduan, bestalde, eskualdeko ekoizleen eta eskulangileen azoka izango da goizean zehar Herriko plazan. 10:30etik aurrera lantegi eta erakustaldiak izango dira, mikologia erakusketa elkarteen zentroan eta Baietz harrapatu! buruhandi eta erraldoien erakusketa kultur etxean.
Musikak abesbatzen bitartez izango du lekua jaian. Dulantziko Aiala abesbatza, Aguraingo Eguzkilore, Barrundiako Kataliturri, Burguko Erkametza eta Asparreneko Araia abesbatzak elkartuko ditu Kuadrillaren egunak, 11:00etan.
Inguruko elikagaien kultura defendatzen duen Slow Food mugimenduaren eskutik, beste alde batetik, haurrentzako sukaldaritza tailerra eta helduentzako zaporeen tailerra antolatu dituzte. Eta arteak ere izango du lekurik, Ar-La kolektiboaren erakusketarekin.
Bertako komertzioen alde
Igandeko jaiarekin batera, aurten lehen aldiz, astebeteko egitaraua aurkeztu dute Lautadaren Taupada lelopean. Kuadrillaren garapenean eragina duten gai ezberdinen inguruko aurkezpena eta talde hausnarketa egitea dute helburu, eta, horretarako, jardunaldi tekniko eta ludikoz osatutako egitaraua prestatu dute, hilaren 6tik 11ra.
Hala, besteak beste, berdintasuna gai hartuta, eguneroko matxismoak gainditzeko estrategien lantegia egingo dute Burguko kiroldegian –azaroaren 6an–, eta landa garapenari buruzko topaketa tekniko bat –hilaren 9an–, Ozetan.