Bisitaldi mikologikoak izango dira igandero

Erredakzioa 2017ko urr. 19a, 12:32
Aizkorri-Aratz parketxetik abiatuko da igandero onddoak jasotzeko bisitaldia. /Alea

Aditu baten laguntzarekin, onddoak batzeko saioak izango dira Aizkorri-Aratz inguruetan.

Saskia hartu eta onddoak biltzeko garaia da udazkena. Baina behar bezala ezagutzen al dituzte onddozaleek saskiratzen dutena? Zizak ezagutu eta arriskutsuak baztertzeko, bisitaldi mikologikoak antolatu ditu Arabako Aldundiak Asparrenean. 

Onddo batzuk eta besteak bereiztea ez da lan erraza izaten askotan, eta beharra errazteko bisitaldiak antolatu ditu Aldundiak, aditu baten laguntzarekin. Urriko eta azaroko igande guztietan antolatu dituzte bisitaldiak, Aizkorri-Aratz inguruetan. Hasiera batean norberak egingo du onddo bilketa saio hauetan, eta ostean kide guztiak elkartu eta aztertuko dute jasotakoa. Hala jakingo dute mendizaleek zeintzuk diren jangarriak eta zeintzuk ez, adituaren azalpenei esker. 10:00etan hasi eta 13:00etara arte izango dira saioak, dohainik.  

Bisitaldiak Aizkorri-Aratz parketxetik abiatuko dira, igandero. Aurretik, baina, izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek; 688 629 932 eta 646 478 812 telefonoetan,  edota parketxe.aizkorriaratz@gmail.com helbidearen bitartez egin daiteke.

Neurrian

Ildo beretik, Aldunditik gogoratu dute "neurrian" hartu behar direla onddoak, eta ohartarazi dute pertsona bakoitzak eguneko, gehienez, bi kilo har ditzakeela; halaber, onddoak zurtoinetik moztu behar direla gogoratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide