Askotariko musika estiloak batuko ditu, beste urte batez, Araiako Urte Bukaera Musikalak. German Maria de Landazabal musika elkartearen eskutik, Asparrenera kalitatezko eskaintza eramango dute, mende laurdena betetzen duen jaialdiarekin, hilaren 14tik abenduaren 23ra bitartean; bertako eta kanpoko musikariekin osatuko dute eskaintza.
Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak osatzen duten 2 Poliedro proiektuarekin emango diote hasiera jaialdiari; urriaren 14an izango da, 20:00etan, Andra Mari aretoan. Hilaren 28an, berriz, Juan Carlos Irizarren eskutik, We Are Like You proiektua helduko da Araiara.
Carlos Mena
Azaroan jarraituko dute kontzertuek. Estilo desberdineko bost emanaldi prestatu dituzte. Azaroaren 1ean Bernaola Jaialdiko Ensemble Sinkro arituko da, azaroaren 12an Carlos Mena kontratenorea eta Susana Garcia de Salazar pianista izango dira, azaroaren 22an Araiako abesbatzak Santa Cecilia emanaldia eskainiko du, Ciklus Ensemble izango da azaroaren 25ean, eta Araiako Musika banda azaroaren 26an izango da; Viva Araia pasodobleak ehun urte betetzen dituela ospatuko dute.
Azkeneko lau emanaldiak abenduan izango dira. Antzokitik igaroko dira Erabai hirukotea, R.S Faktor jazz taldea, Oihandi eta Araiako abesbatzak, eta Araiako Musika Banda eta txistulariak.