Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bermatuko duten udal ordenantzak martxan jartzeko, prozesu parte-hartzailea garatzen ari dira Zalduondon. Irailaren erdialdean, bigarren aldiz bildu da horretarako eratu den herritarren taldea.
Prozesua ekainean abiatu zuten. Orduan, hamar lagun inguru bildu ziren Lazarraga jauregian. Halako ordenantzen garrantziari buruzko informazioa helarazi zieten bertaratutakoei, eta ondoren talde dinamizatzailea eratu zuten.
AZ Participacion enpresaren laguntza izan dute ordenantzen zirriborroak osatzeko. Kontratazioetan berdintasun klausulak ezartzeko eta curriculum itsua deitutakoa bultzatzeko beharra ikusi dute parte-hartzaileek. Formula honen bidez, hautaketa prozesuan erabakiak hartu behar dituen teknikariak ez du ezagutzen curriculumaren atzean dagoen pertsona; horri esker, generoaren arabera egon litezkeen aurreiritziak eta alborapenak saihestea lortu nahi dute.
Berdintasunerantz
Herrian beste hainbat tresna martxan jartzeko baliabideak ere lantzen ari dira: indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboak erakusteko gaitasuna izatea, kargu publikoa duten lagunentzat zein Udalean lan egiten dutenentzat formazioa eskaintzea, eta diru-laguntzak emateko garaian berdintasun irizpideak kontuan hartzea, besteak beste.
Auzolanetan emakumezkoen parte-hartzea bultzatu nahi dute ere, eta adineko pertsonak, adingabeak eta mendekotasuna dutenak zaintzeko prozesuan gizonezkoen erantzunkidetasuna sustatu nahi dute.
Jaione Almirante berdintasun teknikariak azpimarratu du herri txiki batean halakorik egiten den lehen aldia dela, eta "beste herrietan ere erreferentziako prozesua" bilaka daitekeela hau.
Era berean, Gustavo Fernandez Villate Zalduondoko alkateak nabarmendu du duela urte gutxira arte "pentsaezinak" ziren gauzak azaltzen ari direla prozesuari esker, Udalak helarazitako ohar baten arabera. "Iraultza txiki bat da honako hau, eta parte-hartzea handia izaten ari da", azpimarratu du alkateak
Gazte talde batek arazoari aurre egiteko konpromiso pertsonalak biltzen dituen agiri bat osatu dute, eta herrian ibili dira agiria ezagutarazten eta atxikimenduak biltzen.
Orain arte, 170 lagunek baino gehiagok bat egin dute agiriarekin. Era horretan lortu nahi dute Zalduondo indarkeria matxistarik gabeko herria bilakatzea.