DCXXII. edizioa. Zenbaki erromatarrez idatzitako halako hitza irakurtzea ez da erraza. Ohikoa ere ez da. Gutxitan esan daiteke ekitaldi bat 622. ediziora heldu dela. Baina aguraindarrek pribilegio hori dute. Aspaldiko pribilegioa da, gainera; jauntxo batek Gaztelako erregeari eskatutakoa. 1395. urtean eskatu zion Pedro Lopez Aiarakoak Enrike III.ari haren eskuetan zegoen hiribildu horretan azoka bat egiteko baimena.
Egiari zor, teknikoki ez da 622. edizioa, baina jakina da urte horiek pasa direla lehen aldiz ospatu zutenetik. Izan ere, gutxitan huts egin du aguraindarren azokak. Gerrateak eta izurriteak izan dira hitzordua ekidin duten bakarrak. Lehen eta bigarren karlistaldietan azoka ez zuten egin, eta 1936an ere ezinezkoa izan zen, Francok hala erabakita. Bestetik, izurriteei dagokienez, 1918ko gripe lazgarria izan zen nabarmenena. Halakoetan, jakina, hobe zen etxean gelditzea.
Garaiko erakusleihoa
Gaur egun halako azokatara joaten direnentzat zaila da ulertzea beste garai batzuetan izan zuten garrantzia. Taloa, trikitixa, aloe vera ahalguztiduna eta umeek gustura ukitzen dituzten abereak. Baina aspaldian izugarrizko betekizuna izan zuten azokek. Aguraingoa, bereziki, ospetsua izan zen, eta Espainiatik ere etortzen ziren merkatariak ganadu bila.
Orain arras zaila da abeltzainen arteko tratu bat ikustea, eta, batez ere, euskal nekazaritza sektorearen erakusleihoa da. Abereez gain, 1970etik ere makinak ikus daitezke bertan; beste garai batean abereek egiten zuten lan gogorra ordezkatu dute makinek.
Aurten dena prest dute abereei eta bisitariei harrera egiteko. Artzainei eta gaztagintzan aritzen diren profesionalei omenaldi berezia egingo diete. "Urtez urte, produktu hau balioan jartzen aritu direnak, gaur egun duen aitorpen eta merezitako izena lortuz", nabarmendu du Iñaki Beraza Aguraingo alkateak.
Azoka bisitatzea, ordea, herriko jaietan murgiltzeko aitzakia izan daiteke gainera. Larunbatean botako dute txupinazoa.