Euskal Herriko lehen neska gazte udaleku feministak egingo dira datorren irailaren 1etik 4ra, Ozetan. Gazte mugimenduaren Eraikuntza lanetan ari gara dinamikaren barruan kokatuta dagoen proiektua da, eta 100 pertsonarentzako lekua egongo da.
Aipatutako gazte mugimenduetako batzarretan proposatu dute proiektua, eta hari forma emateko lantalde bat osatu dute. Hala, helburu nagusi bat finkatu dute: "Aisia elkarbanatu eta modu ez formalean egoteaz gain, neska gazteon ahalduntze kolektibo zein pertsonala indartzea". Horretarako, udalekuek ere izaera eraikitzailea izango dute. Adierazi dutenez, "bertaratutako guztiok parte-hartze aktiboa izango dugu bai egitarauaren diseinuan, bai ekimenen antolakuntzan edo edukien adostean ere".
Neskentzat eta euskaraz
Metodologia parte-hartzaile, autogestionatu eta irekia izateaz gain, neska gazte eta feministentzat zuzenduta egongo da: "Kultur mailan emakume feministek egiten dutenari oihartzuna emateko espazio ere izango dira Udalekuak".
Horrez gain, udaleku feministak eta hauek antolatzeko prozesu guztia euskaraz izateko apustua egin dute. Izan ere, "euskara, emakumeko bezala, gutxitua da herri honetan, eta guk euskaraz izan nahi dugu feminista".