Araiako jaialdiaren atarikoa, asteburu honetan

Erredakzioa 2017ko uzt. 27a, 16:24
'Hot water' lana taularatuko du Unai Lopez de Armentiak. /Parasite Kolektiboa

Sorberrien Programak hiru antzerki lan eskainiko ditu, Araia-Asparreneko Umore Antzerki Jaialdiaren aurretik.

Araia-Asparreneko Umore Antzerki Jaialdiak luxuzko atarikoa izango du, abuztuko saioen aurretik. Hiru lan aurkeztuko dituzte, Andra Mari aretoan (20:00etan). Ac nun. Un ciprés en el desierto, (Zurrunkateatro, hilaren 28an); Hot water, (Parasite Kolektiboa, hilaren 29an); eta Jodidos amantes, (Malkoa Teatro, hilaren 30ean). Sorberrien Programaren bidez, jaialdia berezko mugetatik harago joango da konpainien zein publikoaren sormen eta zabalpen-esparru berrien bila.

Mikel Larrea eta Eñaut Gorbea dira protagonista Sorberrien Programa irekiko duen Ac nun. Un ciprés en el desierto antzezlanean, Zurrunkateatro konpainiaren eskutik. Bi ate artean, denek zeharkatzen duten leku horretan, bi pertsonaiek umorez begiratzen diote bizitzari. Beti beste aldetik. Hori da ikuskizunak proposatzen duen paisaia.

Zikloaren bigarren ikuskizunean, Hot water antzezlanean, iturgin bihurtzen da Unai Lopez de Armentia aktorea. Buzoa jantzita, galdara hondatu zaiola esanez deitu dion emakumeaz hasiko da hizketan. Barre ugari, Parasite Kolektiboa konpainiaren eskutik.

Malkoa Teatroaren Jodidos amantes izango da hirugarrema, Maria Pordoy eta Jorge Alvariñas aktoreekin. Barbarak eta Alejandrok mugikorraren-aplikazio baten bidez ezagutu zuten elkar. Erabat desberdinak dira: Barbara, goi-mailako ikasketak egin dituena, liburuzale amorratua; Alejandro futbol, festa eta haren amaren zalea. Baina elkarrengandik urruntzen dituen zaletasunak gorabehera, badute ere batzen dituena: sexua.

Hala irekiko da 24. jaialdia, Araiako Udalak antolatu,Porpol antzerki taldeak kudeatu eta Aldundia eta Eusko Jaurlaritza babesle dituen jaialdia. Sorberrien Programaz gozatu eta gero, bost egunetan zehar, 11tik 15era, kale eta areto ikuskizunak gertatuko dira Araian, eta paraleloan, abuztu osoan zehar, Arabako Herrietako Antzerki Jaialdia 18 herritan ospatuko dute. Baina, hori heldu aurretik, sorberrien txanda da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide