Santa Klarako komentuko ortuaren etorkizuna herri galdeketa batean zehaztuko dute dulantziarrek, EH Bilduk helarazitako ohar baten arabera.
Dulantziko Hiri Antolakuntza Plan Orokorrak zehazten zuen ortu hori hiru zatitan banatzea: gaur egungo komenturako lorategi bat, etxebizitza eraikin bat eta, azkenik, plaza publiko bat.
Planaren arabera, Udalak plaza berri hori egiteko lurra erosi behar zuen eta mojek zortzi etxebizitza horiek merkatu librean saldu ahal izango lituzkete. Egitasmo horren aurka, ordea, 300 herritar inguruk helegitea aurkeztu zuten. Orain, Udaleko osoko bilkurak talde abertzaleak jarritako proposamena babestu du, herri galdeketa loteslea abiatzeko. PSEk izan ezik, gainerako udal talde guztiek babestu dute proposamena. Galdeketan erabakiko dute, beraz, ortuaren etorkizuna.
EH Bilduren arabera, eremu hori "herriko ondare historiko eta kulturala izateaz gain, balizko zona arkeologikoa da".
Galdeketa abiatzeko egutegi bat eskatu diote udal gobernuari, eta "alegazioak egin zituen talde motorearekin elkarlana" abiatzea, prozesua "gardena" izan dadin.
1581. urtekoak dira komentuaren lehen aipamen historikoak. Lehen urte horietan, frantziskotarren esku egon zen eraikina. Moja klaratarrak 1601. urteko agirietan azaldu ziren aurrenekoz.