Araiako Ajuria y Urigoitia lantegia erretratatu dute hamar ikaslek

Mirian Biteri 2017ko uzt. 22a, 08:07

Egilea: Jon Agirre Delgado

Abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik argazki erakusketa, Gasteizko Ignacio Aldekoan.

Asparreneko Udala dabil Araiako Ajuria y Urigoitia lantegiarekin lotutako guztia berreskuratzekotan, eta ahalegin horretan, proiektu berria jarri du martxan; hain zuzen ere, argazki erakusketa dago asteotan ikusgai Gasteizko Ignacio Aldekoa kultura etxean.   

Udazkenean hasi ziren prestaketa lanak. Asparreneko Udalak Gasteizko Arte eta Diseinuko goi mailako eskolara jo zuen proposamen zehatz batekin: hasiera batean, San Pedro lantegia eta gero Ajuria y Urigoitia zena ikasle bakoitzaren ikuspuntutik erretratatzea. Hamar lagunek onartu zuten erronka: zehazki, Estibaliz Alonsok, Urki Castrok, Naima Diazek, Leire Ezeizak, Cristina Fustek, Maite Garmendiak, June Hernandezek, Ane Iturraldek, Nathalie Rodriguezek y Daniel Ruizek.

Hilabeteak lanean

Hilabeteak eman zituzten argazkilariek 1847. urtetik 1985. urtera metalurgiako enpresa askoren aitzindaria izan zenaren aztarnak bisitatzen. Gaur egun erortzear dauden lantegiko hormak eta ingurunean sakabanatuta dauden burdin herdoilduak eta paisaia erretratatu zituzten, besteak beste, denbora tarte horretan.

Horren emaitza da Ignacio Aldekoan dagoen argazki erakusketa; irudiez gain, ikus-entzunezko bat ere prestatu dute. Abuztuaren 31a arte egongo da bisitatzeko aukera, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta 16:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, goizez bakarrik.

Beste proiektu bat buruan

Udala eta Arte eta Diseinuko goi mailako eskolaren arteko akordioa ez da erakusketa horretara mugatzen. Barne diseinuko ikasleei begirako hainbat esku-hartze aurreikusi dituzte udazkenera begira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago