Pasa den urtean ikasketak bukatu eta gero, Lourdes Oiarbide (Egino, 1994) aurten ari da lehendabizikoz denbora guztia txirrindularitzari eskaintzen. Bizkaia-Durango talde profesionalean bosgarren urtea du, eta aste honetan izango den erlojuaren kontrako Espainiako Txapelketa du urteko helburu nagusia. Bere buruari exijentzia handia jartzen dion emakumea da, eta txapelketa honetan emaitza bakar bat du helburu: "Irabaztea da balio zaidan bakarra, bigarren postu batekin ez naiz konformatuko".
Erlojuaren kontrako probetan espezialista izanik, aurtengo Soriako Espainiako Txapelketa jomuga izan duzu urte osoan zehar. Nola ikusten duzu zure burua helburu horretarako?
Espainian oso espezialista onak daude: Sheila Gutierrez, Mavi Garcia, Irene Usabiaga, Gloria Rodriguez… Hala ere, erlojuaren kontrako probetan ez duzu beste nesketan pentsatu behar: zuk ondo egin behar duzu. Ibilbidea gogorra izango da, nahiz eta profilean laua dela dirudien. Haizeak jotzen badu, gainera, askoz gogorragoa izango da, ez baitago ezer errepidearen alboetan. Dena den, erlojupekoak ondo egin behar dituen txirrindularia mota guztietako probetan ondo ibili behar da.
Bidea luzea izan da. Noiz eta nola hasi zinen txirrindularitzan?
Talde batean lehiatzen zazpi bat urterekin hasi nintzen. Anaia Araiako klubean apuntatu zen ni baino lehenago, eta nik beti berarekin joan nahi nuen. Hala ere, ni oraindik txikiegia nintzen klubean sartzeko eta ahal izan nuen momentuan apuntatu nintzen.
Nolakoak izan ziren lehenengo urte haiek?
Oso politak: lehiaketa eskolarrak jokoak dira azkenean. Astean zehar taldekoak batzen ginen bizikletekin ibiltzeko, baina batez ere jolasteko. Asteburuetan, berriz, karrerak zeuden, hasieran soilik hamar bat minutukoak; beraz, hamar minutu lasterketan egiten genituen eta arratsalde guztia jolasten eta beste ekintza batzuk egiten beste umeekin. Oso dibertigarria zen.
Noiz hasi zen zuretzat txirrindularitza serioagoa izaten?
Kadetetan jada mutilak eta neskak banatzen ginen. Nik momentu horretan nesken talde bat bilatu behar izan nuen, Durangon, Araban ez baitago emakumezkoen klubik. Orain dela urte asko Gasteizen bazegoen kadetetatik aurrera jarraitzeko klub bat, baina desagertu zen eta momentu horretatik aurrera bai nik eta bai txirrindularitzan jarraitu nahi zuten beste neskek Bizkaian eta Gipuzkoan beste klub batzuk bilatu behar izan genituen. Orduan hasi nintzen serioago hartzen.
Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 110. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.