Kirolean euskararen erabilera bultzatzeko ekimena abiatu dute Aguraingo Udalak eta eskualdeko euskalgintzako eragileek. Helburua kirol taldeen eskaintza "egungo egoera linguistikora egokitzea" da, Joseba Legarda Kuadrillako euskara teknikariak azaldutakoaren arabera.
"Gure erronketako bat da umeei eta gazteei eskaintzen zaizkien jarduera guztiak euskaraz izatea. Aisialdian eta kultur jardueretan eskaintza hori nahiko garatuta dagoela uste dugu, baina konturatu gara kirolean sekulako hutsunea daukagula". Horren arrazoietako bat da, Legardaren esanetan, Udalak ez dituela zuzenean kudeatzen gazteen eta umeen kirolak. "Klubek eta guraso elkarteek egiten dute hori".
Datuei erreparatuta, Aguraingo populazioaren %55ak euskara ulertzen du, Eustatek 2011n emandako datuen arabera. Bestetik, 2013 eta 2014. urteetan egindako inkesten arabera, %84 dira seme-alabentzako kirol eskaintza euskaraz nahi duten gurasoak. Egoera ikusita, errealitate hori iraultzeko lanean hasi dira.
"Baliabideak eskaini nahi dizkiegu klubei eta elkarteei kirol eskaintza hori poliki-poliki euskaraz eman dezaten", azaldu du Legardak.
Harremanak indartu
Zeregin horretarako, herriko kirolarekin harreman handia duen Beñat Ibarreta teknikaria kontratatu dute. Galzar elkarteko kide hau arduratzen ari da kirol taldeekin kontaktuan egoteaz eta harremanak indartzeaz. Klub bakoitzaren egoera ezagutu, eta euskararen presentzia nolakoa den aztertzen ari da orain.
"Begirale euskaldun dezente aurkitu ditut, baina batzuetan, euskaldunak izanda ere, ez dute hikuntza erabiltzen, bai ohituragatik edo klubetik ez dutelako zuzenean animatu ekimenak euskaraz egitera", kexu mintzo da Ibarreta. Hala ere, aurrera egiteko "giro ona" ikusten duela nabarmendu du.
Begirale batzuk urte batetik bestera aldatzen direla ere azpimarratu du Ibarretak. "Kasu horietan, klubak azaldu beharko dio etortzen den begirale berriari aurretik egindako lana".
Klubek konpromiso batzuk hartuko dituzte, eta, urte amaierara bitartean, konpromiso horiek betetzen direla bermatzeko jarraipen bat egingo dute.
"Konpromisoak dokumentu batera eramango ditugu eta urte amaieran adierazle batzuekin egiaztatuko dugu horiek bete diren ala ez". Horretarako, kirol talde bakoitzean arduradun bat izendatzea lortu nahi dute.