20. Korrika

Larunbatean zerharkatuko du Korrikak Lautada

Mirian Biteri 2017ko api. 7a, 07:07

Lasterketa hilaren 8ra arte helduko ez bada ere, aspalditik daude eskualdean ospakizunetan murgilduta.

Agurainen, esaterako, bertso saioa, antzezlan musikatua eta horma-irudi baten margotzea izan dituzte dagoeneko, eta datozen egunotarako ere hainbat ekintza dituzte aurreikusita. Gaur, apirilak 7, Korrika Txikia egingo dute. Antzerkiarekin eta musikarekin lagunduta egongo da hori.

Apirilaren 8an ez dute atsedenik izango. Goizean herria apainduko dute, arratsaldean etorriko denari begira: Korrika heldu aurretik, kalejira musikatua eta zirku tailerrak izango dituzte, eta ondoren, txokolate beroa, zezen-suzkoa, pintxoak eta sagardo kupela eta Aguraingo musikazaleek antolatutako flashmooba.

Asparrena

Antzera ibiliko dira gainerako herrietan ere. Asparrenean egitarau berezia prestatu dute martxoaren 31tik apirilaren 8ra arte. Gaur goizean, Korrika Txikia dute neska-mutikoek, eta 8an, Korrika heldu aurretik, kalejira musikatua eta umeentzako jarduerak. Gauean, gaztetxean egingo dituzten kontzertuekin emango diote amaiera.

Dulantzin eta Barrundian

Dulantzin, bestalde, Korrika jaia dute hilaren 8an: musikala, dantza plaza, pintxoak eta txaranga ibiltaria antolatu dituzte, besteak beste.

Barrundian, azkenik, ipuin kontalaria dago gaur, Ozetan. Pasa den martxoaren 12an egin zuten han lasterketaren aldeko festa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago