Hori koloreko karpeta zaharrean gordetzen ditu Juan Jose Lekuonak aferari buruzko eskuizkribu, irudi eta fotokopiak. Horietako bat atera du. Arte aditu batek egindako txostena erakutsi du, margoen zergatiari azalpen bat emateko saiakera bat. Irudien misterioa argitzeko, hiru mailatako interpretazio proposatzen da bertan: mundu erreala, mundu espirituala eta elizaren sakramentuak. "Hipotesi bat besterik ez da. Asko egin dira, baina oraindik inor ez da guztiz ausartu esatera margo horiek zer diren", azaldu du Lekuonak. "Normalean herritarrei fedearen misterioak erakustea da arte erlijiosoaren xedea, baina hemen ez da horrela izan. Irudiak ikustean, jende guztia harritzen da, ni barne. Testuingurutik guztiz kanpo daude".
Erretiroan dagoen apaiza da Lekuona eta, orain dela 35 urte, inork espero ez zuena aurkitu zuen. Apaizak gertutik ezagutzen zituen 1967an lau kilometro eskasera dagoen Gazeoko elizan agertutako irudiak. Kare geruza baten azpian agertu ziren margoak eta Lekuonari bururatu zitzaion agian Alaitzan ere antzeko zerbait gerta zitekeela. "Alkatearekin hitz egin nuen eta eskailera bat eskatu nion. Karearen atzean zerbait ote zegoen jakin nahi nuen. Izan ere, Gazeoko eta Alaitzako elizak antzekoak dira". Laban txiki batekin karea kentzen hasi ziren eta, hura ezustekoa, zalditxo baten burua agertu zen. "Foru Aldundiari abisua pasa genion. Bertako teknikariek beste lagin batzuk egin zituzten, eta hortik aurrera adituak lanean hasi ziren", gogoratu du Lekuonak.
"Tenplarioek edo soldaduek egin zituztela proposatu dute, baina hipotesi hori ez da sostengatzen"
Karea kentzearekin batera, beraz, duela ehunka urte ezkutaturiko mundu bitxia atera zen: zaldunak, erromesak, gazteluak, animaliak… horietako batzuk, gainera, bortizkeriaz betetako irudiak ziren... eliza batean inork gutxik espero ez zuena, hain zuzen ere. Horregatik ezabatu al ziren, orduan? Ezetz dio Lekuonak; arrazoia sinpleagoa izan omen zen. "Trentoko kontzilioaren ondoren ezabatu ziren", argitu du. Garai horretan elizen "dekorazioa" aldatu zen. Askotan margo horiek betirako ezabatu ziren baina, beste batzuetan, kareaz estali ziren. Hori egin zutenek ez bazekiten ere, zorioneko erabakia izan zen ordukoa. Izan ere, horri esker margo horiek babestuak izan ziren, gaurdaino.
Interneten garaian, zaila da behin eta berriz ikusitako irudiak aurrez aurre izatean nolabaiteko xarma piztea ikuslearengan, baina ingurua eta unea egokiak dira irudiek beste modu batean hitz egin dezaten. Halere, margoek ez dute argitzen bere misterioa. Gidoirik gabeko komiki baten modura, banan-banako irudiak errez ulertzen dira: gaztelu baten setioa, ehorzketa bat, Santiago de Compostelarako bidean diren erromesak… baina osotasuna argitzen duen gakoa falta da. Zer esan nahi dute irudiok? Zer zeukan buruan horiek marraztu zituenak?
Soldaduen lana
"Margoak Pedroren aldeko soldaduek margotu zituztela esan ohi da, agian elurte batean edo bertan gelditu zirelako", azaldu du Lekuonak. Hori izan da, hain zuzen, ospe gehien izan duen teoria. Horren arabera, 1332an hasitako Ehun Urteetako Gerraren atarian egin ziren irudiak. Europan errotutako gatazka bazen ere, gerra horrek iberiar penintsulan ere eragina izan zuen: Gaztelako Erreinuan gerra zibila izan zen, Pedro I.ak eta Henrike II.a Gaztelakoak (Trastamarako Henrike deitutakoa) koroa eskuratzeko guda hasi zutenean. Ingelesek eta Karlos II. Nafarroakoak Pedroren alde jokatu zuten, eta Henrikek frantsesen laguntza izan zuen. Ingalaterrako koroaren oinordekoa zen Eduardo Woodstockekoa arduratu zen Pedroren aldeko armada gidatzeaz. Bertan gerlari ingelesak, nafarrak, gaskoiak eta gaztelarrak izan ziren, eta Arabako Lautadatik igaro ziren ere. 1367an frantsesak eta gaztelar matxinoak garaitu zituen Eduardo printzeak. Beraz Eduardo Woodstockekoaren armadako soldaduek margo horiek marraztu izana proposatu dute behin baino gehiagotan.
Tenplarioekin lotzen saiatu dira ere hainbat lagun, baina hipotesi hau guztiz alboratu du Jose Javier Lopez de Ocariz irakasleak. Errioxako Unibertsitatean eta Gasteizko UNEDen irakasten du Lopez de Ocarizek, eta Erdi Aroko artean aditua da. "Erdi Aroari buruz zerbait ulertzen ez denean, askotan tenplarioengana jotzen da, baina hipotesi hori sostengatzen duen elementurik ez dago. Hori esanda ere, aitortu behar dut 35 urte geroago erantzunik gabe jarraitzen dugula", esan du Lopez de Ocarizek. "Erdi Aroko eszenografiarekin bat datozen irudiak dira. Miniatura batean ager zitezkeen, gertaera edo ekintza gogoangarri baten berri emateko, edo gaztelu batean, baina ez datoz bat eliza batean espero genezakeenarekin".
"Sinboloekiko bestelako ikuspuntu bat zuten Erdi Aroan, baina guk sinbolismoa galdu dugu"
Gerlarien hipotesia ere ez du babesten adituak. "Sakeatu, jan edo armak prestatu beharrean, elizak margotzeari ekin zioten? Ez dut uste. Gainera, ez dago elementu bakar bat ere iradokitzeko egilea Ingalaterrakoa zenik".
Jatorri ezezaguna izanda ere, margoen balioa aldarrikatu du Lopez de Ocarizek. "Estilo inozoa ematen du, inprobisatua. Baina xarma handikoak dira. Gaztelua bi aldeetatik erasotua da. Alboan koroa daraman eta erregea ematen duen pertsonaia bat azaltzen da. Tira, naif artea ematen du! Sinpletasuna du, soberan dagoen guztia ezabatu da bertan eta, zentzu horretan, oso arte modernoa dirudi".
Elizen dekoratzaileak
Adituaren arabera, Gazeokoa ez bezala, Alaitzakoa ez da ofiziozko margolari baten lana. "Elizen dekoratzaile baten irudiak dirudite. Dekoratzaileei lan errazak ematen zitzaizkien, forma sinpleak jartzeko. Adibidez, silarriak imitatzeko edota marra begetalez osatutako irudiak, uhinak eta halakoak marrazteko … lan hauek ohikoak ziren, eta Araban bertan horren adibide asko daude".
Adituak aitortu du egunen batean gaiari berriro heldu eta margoen jatorria argitzea gustatuko litzaiokeela. "Gasteizen margolari kalea dago, eta gremio garrantzitsua zen bere garaian. Bertan, kalitate maila ezberdinak izango ziren seguruenera. Hauetako baten bati saiakera bat egiten onartu al zioten? Baten batek lagundu zuen egindako marrazki horiek gerora ezabatu ez zitzaten? Ez dakigu, baina argi dirudi norbaiti askatasuna eman zitzaiola margo horiek egiteko, hori da logikak agintzen duena".
Adituaren esanetan, Alaitzak erakusten du zein ezjakitasun dagoen Erdi Aroari dagokionean. "Asko dugu oraindik ikasteko garai horri buruz. Baina, askotan esan ohi denaren kontra, ez zen garai iluna. Arazoa gurea da, ondo interpretatzen ez baitakigu".
Lekuona ere bat dator interpretazioari dagokionez. "Sinboloekiko bestelako ikuspuntu bat zuten garai horretan. Guk berehala bereizten dugu zer den erlijiosoa eta zer profanoa: hau fedea da eta hau arrazoia da, esan ohi dugu lasai asko. Baina Erdi Aroko mundua bestelakoa zen, eta garaiko sinbolismoa galdu dugu", dio apaizak.