Liztorrak uxatzeko soinu-uhinak igortzen dituen aparatua sortzeagatik lortu dute Burguko teknoklubeko kideek First Lego League (FLL) txapelketan ikerketa saria. Lehiaketa urtarrilaren bukaeran egin zuten Zamudion, eta bertan gizakia eta animalien arteko erlazioa hobetzeko balio zuten proposamenak landu behar ziren.
Landederros Gamberros taldearen proiektua gauzatzeko ideia herrian bertan sortutako eragozpen txiki batetik jaio zen. "Jolastokian agertutako liztor-habi bat kentzeko suhiltzaileei deitu behar izan genien, eta haiek izan ziren Asiako liztorrek sortzen duten mehatxuari buruz ohartu gintuztenak", azaldu du taldeko arduradun Fidel Gomezek.
Taldekideak irailetik daramate proiektua prestatzeko astebururo elkartzen, eta hilabete hauetan zehar suhiltzaile, erlezain, eta beste zientzialariekin harremanetan jarri izan dira gaia sakontasun osoz aztertzeko. "Esfortzu handia egin dugu proiektua aurrera ateratzeko, eta horregatik jasotako sariak egindako lan guztiari balioa ematen dio", azaldu du Gomezek.
Hala ere, oraindik ez dute lana bukatutzat eman, aparatua ongi funtzionatzen duen probatzeko aukerarik izan ez dutelako. "Neguan liztorrik ez dagoenez, udaberrira arte itxaron beharko dugu erlategi batean probak egiten hasteko, eta behar izatekotan proiektuan zuzenketak egiteko".
Sari gehiago Arabara
Aurten Arabatik zazpi talde desberdinek parte hartu dute norgehiagokan, eta Lautadako ordezkariez gain, Urkide ikastetxeko Legokide taldeak eta 12 Nubes kale-heziketa taldeak ere Promes Gazteak saria eta Ekintzailetza saria lortu dute, hurrenez hurren.
FLL-an ez ezik, zientziarekin harreman zuzena duten beste txapelketa batzuetan ere lehiatzen dira burguarrak. "Urte batzuk daramatzagu Eusko Jaurlaritzaren Ibaialde programan parte hartzen inguruko erreketan ur-analisiak eginez; eta datorren astetik aurrera Googleek antolatzen duen Moonbots lehiaketarako astronomia proiektua prestatzen hasiko gara".
Zientzia ardatz
Teknokluba duela zazpi urte sortu zen Burgun, familia batzuek zientziaren inguruan ekintza desberdinak egiteko nahiagatik. "Hasieran paperezko hegazkinak egiten hasi ginen etxeko txikiekin batera; gaur egun, ordea, robotika ere lantzen dugu".
Euskadin gutxi dira zientzia oinarri duten denbora libreko taldeak, "eta horregatik inguruan gu bezalako klub gehiago egotea gustatuko litzaiguke guztien artean sare bat sortzeko, eta gaztetxoen artean zientziarekiko zaletasuna sustatzen jarraitzeko".
Dagoeneko klubetik 250 ume baino gehiago pasatu badira ere, batez beste 15 dira astero ekintzak egitera doazenak. "Oso pozik gaude lortu dugun arrakastarekin; asteburuetan umeak hirira joan beharrean, hiritarrak herrira etortzea lortu baitugu, eta horrek taldearekin aurrera jarraitzeko indarra ematen digu".