Asteburu honetan iritsiko dira sanblasak Dulantzira

Naiara Lpz de Uralde 2017ko ots. 2a, 09:43
Familia antzerkian naturaren garrantziaz arituko dira. | Kiki, Koko eta Moko

Elikagaien eta eskulanen azokarekin batera, familia ikuskizuna izango da igandean.

 

Asteburu honetan, otsailaren 4an eta 5ean, Dulantzik zaindariaren ohorez San Blas azoka ospatuko du jai giroan. Festari hasiera emateko, larunbatean, 13:00etan, kale animazioa izango da herriko Kale Nagusitik  zehar, Follon-Formales kuadrillako kideek bertaratutako guztien artean pintxoak banatzen dituzten bitartean. 

Jaiak arratsaldean jarraituko du, 20:00etan, alde zaharrean; Baralde txaranga arduratuko da musika animazioaz. 

Igandean, bestalde, 10:00etan, musikaz girotutako elikagaien eta eskulanen azoka izango da herriko plazan eta alde zaharreko kaleetan. Inguruko zein kanpotik etorritako artisauak hurbilduko dira euren produktuak saltzera.  

Familia ikuskizuna

Eta, azkenik, ekintzez beteriko asteburuari amaiera emateko, haurrentzako  antzerkia izango da. Kiki, Koko eta Moko pailazoek Natura gara ikuskizuna eskainiko dute, herriko plaza ondoan dagoen Txema Blasco antzokiko taula gainean. Familiako kide guztieei zuzenduta dagoen antzerki honetan protagonistak natura eta bertan bizi diren izakiak ongi zaintzearen garrantziaz arituko dira, besteak beste, malabareak egin, dantzatu edota zuzenean musika jotzen duten bitartean. Ikuskizun honetarako sarrerak kultur etxean salgai egongo dira, 2 euroan.  

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide