Alvaro Teixeirak ireki du Araiako Mendi Festibala

Naiara Lpz de Uralde 2017ko urt. 19a, 09:43
Gero eta jarraitzaile gehiago ditu mendizaletasuna ardatz duen jaialdi honek. | Altzania Mendi Kluba

Seigarren urtean, besteak beste, Alberto Zerain edota Irati Anda izango dira partaide.

 

Pasa den larunbatean Altzania mendi klubak antolatzen duen Araiako Mendi Festibalaren seigarren edizioa martxan jarri zuten, Alvaro Teixeira abenturazalearen eskutik. 

Rodamundu ezizenez ezaguna den gazte honek, Alaskatik Ushuaiara bizikletaz egindako bideari buruzko hitzaldia eman zuen, Andra Mari Aretoa bete zuen publikoaren aurrean. Bertan jendeak, 25.800 kilometro inguru dituen ibilbidean zehar bizitako abentura eta bitxikeriak ezagutzeaz gain, Teixeira berak paisaia horietan grabaturiko bideo zein musikaz gozatzeko aukera ere izan zuen.  

Bizikleta alde batera utzita, aste honetako protagonista nagusia, hilaren 21ean,  Jorge Garcia-Dihinx izango da. Lanbidez pediatra bada ere, bere blogean Pirinioetako eguraldiari buruzko iragarpenak egiteagatik ospetsua egin zen mendizaleen artean. Araian, aldiz, neguan mendian "zuhur" nola jokatu behar den azalduko die bertaratutako guztiei.

Zerain eta Anda

Urtarrilaren 28an, berriz, Alberto Zerain gasteiztarrarekin hitzordua izango dute mendizaleek. Munduko tontorrik garaienak konkistatzea lortu duen alpinista hau Asparrenera gerturatuko da Dhaulagiritik Manaslura ikusentzunezkoa aurkeztera.

Otsaileko lehen asteburuan, bestalde, publikoak gailurretatik jaitsi eta Mairuelegorretako kobazuloan barneratzeko aukera izango du, Txus Lopez de Ipiñaren laguntzarekin. Mendizale eta espeleologo gasteiztarrak hitzaldi bat emango du ehun urteetan zehar Gorbeialdean dagoen haitzuloan egin diren esplorazioen inguruan. 

Eta azkenik, jaialdiari amaiera emateko, otsailaren 11n Irati Anda eskalatzailearen txanda izango da. Gasteiztarrak hamarkada bat darama harkaitz artean, eta gaur egun entrenatzen hainbeste ordu ematen ez baditu ere, munduko eskalatzaile hoberenen artean lekutxoa izaten jarraitzen du.

Festibaleko saio guztiak doan eta Andra Mari aretoan izango dira, 18:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide