Zirauntzako isurtzearen aurrean ardurak argitzeko eskatu du Zadorra Bizirik

E.U. 2016ko abu. 24a, 16:03
Zirauntza ibaiaren iturburua

Zirauntza ibaian, aparra isurtzearen ondorioz 200 amuarrain hilik agertu direla eta, Zadorra Bizirik plataformak ardurak argitzeko exijitu dio Asparrengo Udalari.

Zadorra Bizirik Plataformak azaldu duenez, abuztuaren 15ean, Artzai Egunaren harira, Araian ospatu zen ekimen ludiko batean sortutako aparra Zirauntza ibaira isuri zen, eta horren ondorioz hurrengo egunetan 200 amuarrain hilik agertu ziren ibaian. "Argi geratu da kasu honetan gure ibaiak isurtegiak bezala tratatzen ditugula; bertan botatzen dugu soberan dugun zikinkeria".

Plataformak aitortu du aparra, berez, ez dela gai toxikoa, "baina ibaiak uda garaian duen emari txikia dela eta, uretako fauna oxigeno gabe geratu zen". Gertatutakoa "patuaren nahia izango balitz bezala" tratatzea leporatu dio Zadorra Bizirik Asparrengo udalari eta dei egin dio "aitzakiak" alde batera uzteko, eta behar diren "ardura teknikoak eta politikoak" garbitzeko.

Halaber, Zirauntza ibaian edozein isuria botatzea debekatzeko exijitu du, "ez baita zabortegi bat, baizik eta izaki bizidun bat", eta inguruko ekosistema guztien zaintza eta babesa bermatzeko.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiari eta URA Agentziari eskatu die aparra isurtzearen arduradunei kargu hartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide