Irailak 10, larunbata
LEZE gunean
09:30 Haurrentzat jolasak eta eskalada.
10:00 Lezeren jaitsiera.
11:00 Basotxora irteera.
11:30 Eginoko artzai-gaztaren zentrora irteera.
12:00 Inguruko fauna eta flora ezagutzeko irteera.
12:30 Artzaintza eta gaztagintza erakustaldia.
16:00 Slackline oreka erakustaldia.
ARAIAN
17:00 Bertako produktuen eta material teknikoen azoka.
18:00 Arroila eta espeleologiari buruzko hitzaldiak.
19:00 Korapilo eta blokeatzaileei buruzko ikastaroa.
20:30 Afari herrikoia.
23:00 Kontzertuak: Azkaiter Pelox trio, Voltaia eta Eskean kristo.
Euskal Herriko espeleologia eta arroila-jaitsiera zaleek Araban izango dute topo egiteko lehenengo aukera: irailaren 10ean zazpi lurraldeetako kirolarien lehenengo topaketa antolatu dute Araian.
Zaleen iniziatibaz sortutako hitzordua izan da, Arabako Inguruabentura kooperatibako kideen ekimenez eta Asparrenako Udala eta Lautadako Lautur turismo eragilearen laguntzarekin. Hutsune bat betetzera datorren ekimena dela azaldu du Mattin Iñiguez antolatzaileak: "Konturatu ginen Euskal Herrian ez genuela espeleologia eta arroila-zaleentzat topagune bat, eta lanari ekin genion".
Bi urte eman dituzte antolakuntza lanetan, eta, kirolarien elkargunea prestatzeaz gain, Asparreneko bizimodua eta aberastasunak balioan jartzea izan dute helburu. Horretarako, bertako eragileekin elkarlanean aritu dira antolatzaileak: kontzejuekin, nekazariekin, landetxeetako lagunekin, tabernariekin... guztira, hogei bileratik gora egin dituzte, eta hemendik irailera bitartean gehiago egitea aurreikusten dute: "Ez da espelologia-zaleen hitzordu itxi bat izango: herri osoa dago inplikatuta, eta jarduera guztiak izango dira irekiak", azaldu du Iñiguezek.
Asparreneko 35 dendak, tabernak, landetxek eta nekazarik baino gehiagok egin dute ekimenarekin.
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, honako webgunean: www.rockthesport.com/evento/leze-eguna. Prezioa 20 eta 30 euro bitartekoa da, aukeratutako jardueren arabera. Topaketa dron batekin grabatuko dute.