Araiako eskolaren eraikinaren urrezko ezteiak ospatuko dituzte

Mirian Biteri 2016ko eka. 16a, 10:19

Araiako eskolaren eraikinak 50 urte bete ditu aurten. Ospatzeko, egitarau oparoa antolatu dute larunbaterako, ekainak 18; modu horretan, eskolaren "izaera euskalduna, publikoa eta herrikoa" aldarrikatuko dute.

Ikasle, guraso eta irakasleen artean askotariko jarduerak antolatu dituzte larunbaterako, hala nola, musika, bertsoak, herri kirolak, dantzak, eskolaz kanpoko ekintzen erakustaldia (lego-errobotika, gimnasia erritmikoa eta saskibaloia) edo bazkaria.

Zuhaitza eta denboraren kutxa
Horrez gain, eguerdian zuhaitza landatuko dute, eta denboraren kutxa bat lurperatu, gogoetak eta oroitzapenak bertan sartu, eta, egunen batean, norbaitek lurpetik atera ditzan. Horma irudia ere sortuko dute egunean zehar.

Denboran atzera eginaz, gaur egungo ikastetxeko zuzendari Joxan Arregik (Oñati, 1962) gogorarazi du eraikina inauguratu aurretik, herrian bi eskola zeudela, eta inguruko herri bakoitzak bere eskola txikia zuela. Urteekin, herri horietako eskolak ixten joan ziren, eta Araian elkartu ziren ikasle guztiak. Asparrena udalerriko haurrak doaz, Galarretatik Eginoraino, eta baita ondoko udalerrietakoak ere; Durrumatik etaZalduondotik, hain zuzen.

180 ikasle
Gaur egun, denera, 20 irakasle eta 180 ikasle daude; horietako 50 aipatutako herrietatik iritsiak. Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dute bertan.

Arregik nabarmendu nahi izan du D ereduko eskola dela Araiakoa: "Izaera euskalduna, publikoa eta herrikoa aldarrikatzen dugu", aipatu du. Azken horren harira, herri-eskola izaera hori lortzeko lanean dihardutela gaineratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago