Berdintasun kontseilu bat eratu nahi dute Lautadan

Anakoz Amenabar 2016ko eka. 9a, 11:01
Egindako ebaluazioak gazteenek "hainbat portaera sexista" dituztela agerian utzi du. / A. A

Indarkeria matxistaren kontrako protokoloaren ebaluazioa aurkeztu dute Agurainen

 

Indarkeria matxistaren aurrean erantzuten jakiteko, protokolo bat onartu zuten 2013an Lautadan. Tarte honetan berdintasun gaietan izan diren ahuleziak eta indarguneak aztertu ondoren, protokoloa ebaluatu eta aurrera begira berdintasunerako kontseilu bat proposatu dute.  

Joan den ostiralean aurkeztu zuten ebaluazioa, Aguraingo Zabalarte aretoan – 30 lagun izan ziren, horietatik bi gizon baino ez – eta norbanako zein eragileen ekarpenak jaso zituzten. "Indarkeria sexista jasaten duen emakume bati atentzio egokia emateko tresna da protokoloa,  eta eragileen arteko koordinazioa hobetzen du", azaldu du Jaione Almirante Lautadako berdintasun teknikariak. Ertzaintza, gizarte zerbitzuak edota osakidetzaren arteko elkarlana hobetzeko balio duela gogoratu du, sei hilabetean behin bildu eta izan dituzten zailtasunak mahai tekniko batean landuz. 

Gazteak, kezka 

Azterlana egiterakoan, hainbat elkarrizketa eta inkestaren bitartez, berdintasunaren inguruko sentsibilizazioa "gero eta handiagoa" dela gogoratu du Almirantek, datu kezkagarriak ere badiren arren. Gazteek kezkatzen dituzte, batez ere: "Sexistak diren hainbat portaera normaltzat jotzen dituzte eta horrek kezkatzen gaitu. Ebaluazioan jasotako iritzien artean, berdintasuna lortu dela aipatzen dute...". 

Ebaluazioko datuak aztertu eta jarraipen bat egiteko asmoz, berdintasun kontseilu bat eratu nahi dute. "Hainbat lagun eta eragile prest agertu dira gaiaren inguruko jarraipena egin eta Lautadan antolatu behar diren jarduerak zeintzuk izango diren erabakitzeko".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide