Baratzeak zaintzeko, saio sorta prestatu dute Burgun

Anakoz Amenabar 2016ko api. 22a, 17:37
Nekazaritza ekologikoa babesteko helburuarekin jaio zen Biohazi, 2015ean.

Añuako ortuen inaugurazioa egingo dute larunbatean; Biohazi proiektua aurkeztuko dute han.

Udaberriarekin batera, barazkigintza eta lorezaintza saioak prestatu ditu Burguko Udalak. Elikagaien kontserbazio teknikak, basa-landareen ezagutza edota hondakinen inguruko saioak izango dituzte uztaila bitartean.

Biohazi egitasmoarekin emango diote hasiera larunbatean, hilaren 23an, ekitaldi sortari. Urtebete igaro da Burguko Udalak nekazaritza ekologikoa oinarri duen Biohazi ekinaldia martxan jarri zuenetik, eta udalerri osoan ezagutzera emateko saioa egingo dute oraingoan. Añuako ortuen inaugurazioa egingo dute, 11:00etan, eta hamaiketako ekologikorik ez da faltako, gainera, gerturatzen direnentzat.

Maiatzean, beste alde batetik, nekazaritza ekologikoan barneratu nahi dutenentzako ikastaroa izango da Segoviako Gaspar Caballeroren eskutik. Etxean, lur azalera txikietan landatzen ikasiko dute izena ematen dutenek; ur-kontsumoa murriztu eta produktu kimikorik gabe landatzeko gakoak emango dituzte. Maiatzaren 14an izango da, 10:00etan, Landederra kiroldegian.

Hondakinen kudeaketa

Maiatzaren 21ean, bestalde, birziklatzearen aldeko nazioarteko egunaren harira, hondakinak modu egokian kudeatzen ikasiko dute. "Murriztu, berrerabili eta birziklatzeko" estrategia gogoratzeko eguna izango dela aipatu dute antolatzaileek. Hondakinen ginkana egongo da, trukatze-azoka, jostailua birziklatzeko tailerra eta Teknokluba proiektuaren aurkezpena; 18:00etan izango da, kiroldegian.

Ekaina txango batekin hasiko dute. El Colletero proiektua ezagutzeko txangoa egingo dute Errioxara. Enplegu eta garapen iraunkorraren aldeko elkartea da El Colletero. Elikagaien kontserbaziorako teknikak ere ikasiko dituzte ekainaren 18an. Produktuaren bitamina eta ezaugarriak kontserbatuko dituen teknikak ikasiko dituzte Arbuluko gizarte etxean.

Azkeneko saioa uztailaren 2an izango da, Landederra kiroldegian. Udalerriko basoko landareak ezagutzeko tailerra egingo dute botanikan adituak diren lagunekin. Landare horien sukaldeko ezaugarriak eta medikuntza ezaugarriak zeintzuk diren ezagutuko dituzte. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide