Lanerako prestakuntza saioa izango da Burgun

Erredakzioa 2016ko ots. 8a, 13:50

Adimen urritasuna duten lagunentzako baratzezaintza proiektua prestatu dute.

Adimen urritasuna duten lagunen laneratzean beste pauso bat eman nahi du Arabako Aldundiak eta, datorren apiriletik aurrera, enplegu egitasmo bat jarriko du abian 16 lagunentzat. Lorezaintza eta nekazaritza lanetan prestatzeko proiektua antolatuko dute Burgu udalerrian dagoen Arbulu lanerako zentroan.

Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen saileko diputatuak eman zuen egitasmoaren berri joan den ostiralean egindako agerraldian. "Enplegu egonkor eta jasangarri batean lanean hastea ahalbidetuko duen prestakuntza proiektu bat izango da", jakinarazi zuen, datorren apirilean hasi eta urrira arte luzatuko dena. 16 lagunek hartu dute parte eta, beraz, bikoiztu egingo da gaur egun Arbulu lanerako zentroak adimen urritasuna dutenentzako duen plaza kopurua.

Artolazabalek Arabako Batzar Nagusietan egindako batzordean azaldu moduan, hainbat eskaera izan dira lanerako zentroetan beren erabiltzaileen laneratzea sustatzeko eta 2014an ekin zioten horiei irtenbide bat emateko protokoloa martxan  jartzeari. "Izan ere, enplegurako zentro berezietan lan egin zezaketen pertsonak antzeman genituen lanerako zentroetako erabiltzaileen artean", aipatu zuen diputatuak. Une honetan arlo jakin batean egingo dute ahalegina: lorezaintza eta baratzezaintza. "Beste alor batzuetan trebatzeko lanak bazter batean uztea erabaki dugu, horretarako instalazio, baliabide eta langile kopurua biderkatu beharko genukeelako".

Azaldutakoaren arabera, proiektu honen onuradunak izan daitezke lorezaintzan eta baratzezaintzan oinarrizko ezagutzak dituzten lanerako zentroetako erabiltzaileak. Besteak beste, negutegiak prestatu, lorategietako sega eta sastraka kentzeko lanak egin, barazki eta ortuariak landatu eta inausketa beharrak egingo dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide