Aguraingo Lope de Larrea ikastetxeak eraikin berria estreinatu du

Erredakzioa 2016ko urt. 20a, 09:52

Ikastetxeak orain 5 gela gehiago ditu, eta psikomotrizitate gela berria.

Aguraingo Lope de Larre ikastetxeko instalazio berriak estreinatuko dituztegaur, handitze lanak amaitu ostean. Altxatu den eraikin berrian lehen hezkuntzako ikasgelak (3 ikasgela) eta musika nahiz informatika gelak kokatuko dira.

Eskola handitzeko eraikin berria kiroldegiaren eta eraikin nagusiaren artean eraiki da, eta lehendik bertan zeuden bi eraikin horiek elkartzen ditu. Eraikin berriak bost ikasgela ditu, komunak, biltegia eta artxiboa. Era berean, Lope de Larrea ikastetxean egin diren lan hauekin, psikomotrizitate gela berria ere egin da (kiroldegiko eraikinean), eta larrialdietarako eskailera, eraikin nagusiaren hegoaldeko fatxadan.

510 ikasle

Eraikin berriak azken urteetan Arabako Lautadako udalerri honetan izan den matrikula hazkundeari erantzuna ematen dio. Izan ere, 2015-2016 ikasturte honetan ikastetxe honetan 510 neska-mutil ari dira ikasten (12 urte artekoak), bai Aguraingoak bertakoak, nahiz Arabako Lautadako beste herri batzuetakoak. Horien artean, 310 Lehen Hezkuntzako ikasleak dira, eta gainerakoak Haur Hezkuntzakoak.

 

 

Jasangarritasuna

Energia aurrezpena eta jasangarritasuna dira eraikin berria egiterakoan oso kontuan hartu diren bi alderdi garrantzitsu. Horretarako, ikasgela berrietan aireztatze mekanikoko sistema ezarri da, eta baita LED argiztapena ere. Sistema hauek energia aurrezpen nabarmena dakarte. Baina horiez gain, fatxada aireztatua eraiki zaio, egun indarrean den araudiak eskatzen duena baino isolamendu handiagoak erabiliz. Era horretan, barneko konforta ez ezik, energia kontsumo murritzagoa ere lortzen da.

Eusko Jaurlaritzak 685.583,42 euroko inbertsioa egin du handitze lan hauetan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide