Basoa, ikasmahaien ordez

Erredakzioa 2016ko urt. 11a, 18:39

Ozeta herriko Plisti-Plasta heziketa espazioak urtebete baino gehiago darama abian; umeei naturarikin harreman estuago bat ematea eta haien banakako erritmoa errespetazten duen pedagogian oinarritzen da ekimena.

Plisti-Plasta heziketa espazioak urtebete baino gehiago darama umeei naturarekin harreman zuzena eskaintzen Arabako Ozeta herrian. Gune horretan, bi eta bost urte bitarteko umeek natura beste modu batera bizitzeko eta bertan hezitzeko aukera daukate. Pedro Ferrerok –elkartearen sortzaileetako bat–, ondo azaldu ditu naturan egotearen abantailak: “Haientzat basoa aldatzen doan einean, naturarekin harremantzeko era aldatzen da; hau da, espazio berean egon arren, aldatu egiten da eta hori oso aberasgarria da”. Ferrero Kiribilore Permakultura elkartearen lehendakaria da; elkarte honek, izan ere, Plisti-Plasta martxan jarri zuen eta proiektua finantzatu eta sustatu egiten du.


Goizero 10:00etan elkartzen dira Ozetako polikiroldegian umeak eta "bidelagunak", begiraleen funtzioa betetzen duten langileak, basoan goiza emateko. Eguneroko jardueretan guztiok batzeko uneak eta jolas librea garatzeko uneak tartekatzen dituzte. Hamaiketakoa, ekintza proposatua eta ipuina bezalako ekintzak antolatzen dituzte eta, tartean, umeak aske dira nahi dutena egiteko, “haurrek erabakitzen dute nola kudeatu denbora hori, norekin egon; horrela, mundua ulertzeko duten modua eta haien nortasuna garatzen dute”.


Adin desberdinekoak izan arren, batera egoten dira umeak, lehendakariaren arabera, "elkarrekin egoteak aberasgarritasun handia ematen dielako haien arteko harremanei". "Izan ere, txikitxoek handiengandik ikasten dute, eredu direlako haientzat, eta nagusiek txikiak zaindu, lagundu eta erritmo desberdinak ezagutzen dituzte".


Haurren jarraipena egiteko, bilerak egiten dituzte gurasoekin, Plisti-Plastan nahiz etxean gertatzen dena partekatzeko eta ume bakoitzaren garapenera moldatzeko. Ferrerok berak azaldu duenez, "umea da ardatza eta, alde guztiek baldin badakite nola dagoen, egokiago lagundu diezaiokete; etxetik ekartzen dituen ardurekin edo Plisti-Plastan bizi izandako egoerekin".
Metodologia berritzaile honen emaitzen harira, ikerketak egin dituzte Alemaniako hainbat eskolatan, ume horiek lehen hezkuntzara heltzean nola moldatzen diren jakiteko. Ferrerok aipatutako ikerketa horien arabera, "harreta-gaitasun eta jakinmin handiagoak erakusten dituzte haurrek; etxeko lanak egiterako orduan aktiboagoak dira, gatazkak era lasaiago batean konpontzen dituzte, sormen handiagoa erakusten dute eta istripu gutxiago dituzte, beraien gorputzaz oso kontziente direlako".


Goizetan txikiekin egiten dituzten jarduerak garrantzitsuenak izan arren, Plisti-Plastak beste hainbat ekintza antolatzen ditu asteburu gehienetan. Mota askotako ikastaro eta tailerrak egiten dituzte elkartearen ideiak ezagutzera emateko. “Naturaren parte sentitzeko naturan bizi behar dugu hainbat orduz, asteburuetan gutxienez; naturan egoteari beldurra kendu behar diogu, nahiz eta euria, hotza edota elurra egin, bertan egoteko behar duguna arropa egokia da”.

Emaitza "onuragarriak"


Jardunean urtebete baino gehiago egon ondoren, ekimenak ondorio onuragarriak ekarri dituela dio Pedro Ferrerok. Astean zehar umeekin ikusitako garapena oso baikorra izan dela dio eta heldu bezala  ere, oso interesgarria. “Egunez egun naturan egotea, basoak eskaintzen duena jasotzea eta umeek naturarekin daukaten harreman hori bizitzea sekulakoa da, benetan barrenetik sentiten den zerbait”.


Etorkizunari dagokionez, ume gehiago, hezitzaile gehiago eta familia gehiago izatea gustatuko litzaioke antolatzaileari. Horrekin batera, Plisti- Plastaren ideiak zabaltzeari garrantzia ematen dio ere. Bere hitzetan, Plisti-Plastara doazen haurrek ingurumena hobeto zainduko dute bere etxea basoa izango delako, berea bezala biziko dutelako. “Beti planteatzen dugu nolako planeta uzten diegun gure umeei, baina planteatu beharko genuke ere nolako umeak uzten dizkiogun gure planetari. Gure umeek maitasunez bizitzen badute basoa egunez egun edo hilbetez hilabete, planeta ona utziko diegu, haien esku egongo delako hori zaintzea”.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide