Ranking-eko lehendabiziko postuan ageri zinen. Erretratu tristea. Instintiboki azkar irristatu nuen atzamarra beherantz. Berehala, aldiz, atzera bueltatzeko zirrara sentitu nuen. Argazki bakarra zenuen. Bakarra eta tristea, baina ederra aldi berean. Tak-tak. Topera handitu nuen. Ezin zure begiradatik bista kendu. Irribarrerik ez. Gerora ezagutu izan dut irribarre ponpoxo hori. Txolinduta nauka.
"Nondik atera zara zu?", pentsatu nuen. Zure bila hasi nintzen segituan. Berehala, "non egon zara orain arte?" etorri zitzaidan burura. Zure bizitzaren pasartea nahi dut izan. Hasieratik jakin nuen. Zurekin bizitza konpartitzea baino gauza ederragorik ez delako egongo. Ziur.
Noraezean ibili zara, iragan ilun batetik ihesi nahian. Zuk bakarrik dakizu nork bota zintuen etxetik, inoiz etxe bat izan bazenuen. Zuk bakarrik dakizu noiz eta non utzi zintuzten. Zuk bakarrik dakizu zenbat denboraz izan zaren ibilian. Oinutsik, norabiderik gabe. Zuk bakarrik dakizu zenbat pausu eman dituzun elkar topatu dugun arte.
Zuk bakarrik dakizu atzera berriro ez begiratzen. Aurrera goazelako elkarrekin. Gainerako guztiak ez du ezer balio. Zuk bakarrik dakizula iraganeko amua askatzen.
Eskerrik asko Facebook.