Boluntario profesionalak

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2013ko eka. 6a, 02:00

Zuriñe Etxeberria

 

Twitter bidez jaso dut albistea: FesTVal jaialdiaren bosgarren edizioa ospatuko da irailaren 2tik 7ra bitartean Gasteizen. Estatu espainoleko telebista kateek zein EITBk udazken-neguko denboraldirako estreinaldiak ezagutarazten dituzte jaialdi honetan. Egun horietan ere ohikoa izaten da “famosilloak” erdialdeko kaleetatik paseatzen bistaratzea, baita alfonbra berdetik pasatzen direnei argazkiak eskatzen dizkieten grupiak ere.

 

 

Honaino dena ondo eta zuzen... gustatu ala ez, FesTVal jaialdia, antolatzen diren beste ekimenekin gertatzen den bezala, hainbestetan ahaztuta izaten dugun Gasteiz maitea mapan kokatzeko baliagarria dela pentsatzen dut (bai, onartzen dut, vtv sentimenduak nire izenean hitz egiten du askotan). Edizio berri honek gainera, aurkezpenean esan duten moduan, “freskotasuna eta ilusioa zabaldu nahi du krisi garai hauetan”.


Krisi garaietan ilusioa... zertaz ari dira? Baten batek pentsa dezake PPren gobernuak jaialdi honetara bideratuko dituen 180.000 euro horiekin bost egun horietarako lanpostu berriak sortuko dituztela. Ezjakintasunaren aldetik nabil idazten lerro hauek, aurtengo planteamendua zein izango den ez baitut ezagutzen. Bai, ordea, iazkoa.


boluntarioak-festvalFesTVal jaialdirako diseinatzaile grafikoak, argazkilariak, kazetariak, kamera operadoreak, sare sozialetan adituak... behar zituztela iragarri zuten iazko antolatzaileek kartel handi eta deigarri baten bitartez. Baina, benetan deigarria egin zitzaidana letra larriz BOLUNTARIOAK bilatzen zituztela izan zen. Zilegi ote da langile profesionalak eskatzea boluntario gisa aritzeko? Boluntarioak bai, baina profesionalak, ja! Zelako aurpegia daukaten batzuek! Jaialdia antolatzeko bideratzen den dirua zergatik ez dute ikus-entzunezko komunikazioan profesionalak diren lagunak kontratatzeko baliatzen? Hori bai litzatekeela ilusioa krisi garaietan zabaltzea!


Bide batez... hona beste proposamen txiki bat: Udalak jartzen duen diru kopuru horretatik, sikiera, zentimo batzuk FesTVal-eko webgunea euskaratzeko erabiltzea.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago