Barkatu... “nahastu naiz”

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2013ko mai. 6a, 13:01

Zuriñe Etxeberria

@zurinetxeberria

Gasteizen hain eskasa den eguzkia, gutxi bada ere, ateratzen hasi den honetan, izoztuta geratzeko moduko albiste batek harrapatu gaitu ezustean. Hain urrun geratzen ez diren egun hotzak gogora ekartzea izango da hurrengo lerroen helburua. Ez diot inori udaberriko lehen egun bero hauek disfrutatzea galarazi nahi, baina denon onurako ariketa izango delakoan nago.

Gogoratzen urteko lehen elurte horiek? Bai, bizilaguna ikustea ere zaila izaten zen egun hauetan, izan ere, denok hotza ekidin nahian makurtuta ibiltzen ginen eta tipulak bagina, hamar kapa ezberdinen artean ezkutatzen baikenuen geure burua. Hiriak soineko txuria janzten duen egun horiei buruz ari gara, bai. Elurra mara-mara... polita bezain deserosoa! Zer esanik ez espailoiak garbitzen ibili behar diren lagunentzat!


Horiek horrela, lehendabiziko elurteak ezustean hartu omen zituen udal arduradunak eta herritarren zein beste alderdi politikoen kexak mara-mara ere hasi ziren jausten. Zer egin zuen Udalak, orduan? Bada, elurteen plan “zoragarria” jarri zuen martxan aurrerantzean etorriko ziren malutek gasteiztarron egunerokoak zapustu ez zezaten. Asmo ona? Halabeharrez egin beharrekoa? Ia 600.000 euro (bai, 600.000 euro!) gastatu izan ez bazituzten aurreko galderak erantzutea ez litzateke hain zaila izango.


Irakurle hori, izoztuta dagoeneko? Bada, oraindik gehiago dago. Nahiz eta oraingoak (haserrearen eraginez) tenperatura igotzea eragin dezake. Oposizioak Marian Castellanos PPko Hiritarren Segurtasun Saileko zinegotziak aurpegia eman zezan eskatu zuen, izan ere, honek elurteen plan honetan gastatutako datuak eskaini zituenean egia, osorik, behintzat, ez baitzuen esan. Udalak erdia gastatu zuela esan zuen, baina berehala jakin izan zen datu horiek faltsuak zirela. Gainera, bere altxorra balira fakturak ere ondo gordeta izan ditu Castellanosek. Afera honen inguruko azalpenak eman behar izan zituenean, “barkatu, nahastu naiz” batekin atera zen. “Konturatu gabe” 2013ko datuak eman beharrean 2012koak eman zituela argudiatu zuen. Eta aurreko urtetan gastatukoaren bikoitza xahutzea ere nahi gabe izan ote da? Agian, Marotoren udal koadrila hotzaren eraginez “nahastu” egiten da diru kontuetan...

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago