Ebazpen bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2013ko api. 4a, 09:12

Zuriñe Etxeberria

 

197/2006 urraketa da. Oinarrizko eskubideen urraketa. Helburu politiko jakin batzuk lortu nahian bizi osorako kartzela zigorra ahalbidetzen duen trikimailua.

 

197/2006 lapurreta da. DENBORA, PAZIENTZIA eta DIRU lapurreta da. Horma hotz eta gris batean itsatsirik dagoen egutegi horren atzera kontua berriro hastea da. Eta inork bueltatuko ez dizkizun egunak badoaz, pazientziarekin batera egiten dute ihes barrote estuen artetik. 91 dira jada 197/2006 doktrinaren bitartez euren zigorra luzatu dieten euskal preso politikoak. 91 hauetatik 71k oraindik preso jarraitzen dutelarik. Eta, ezin ahaztu, astebururo bisitan doazen senideek de facto nozitzen duten diru xahuketa dela.


197/2006 errusiar erruleta da. Dispertsioaren errusiar erruleta. Jabi Martinez Izagirre preso politikoaren lagunak izan dira ankerkeria honen azken biktimak. Cabrera inguruetan, Madrilen, izan zuten auto istripua. Zorionez, autoan zihoazen lagunek ez zuten zauririk jasan, baina autoak kalte material handiak izan zituen eta taxi batean itzuli behar izan zuten etxera. Martinezi 197/2006 doktrina aplikatu zioten. Kalean behar luke 2010 urtez geroztik, baina 2022ra arte luzatu diote espetxe zigorra.


197/2006 soka da. Itotzen duen soka. Luzez iraun duen gatazka politiko honi irtenbideak bilatze aldera lanean diharduen jendartea itotzeko soka da. Baina amorerik ez da eman behar. Ebazpen BAKARRA espero dugu Estrasburgoko Sala Handiaren aldetik, Estatu espainolaren estrategia ankerrarekin eta beren ingenieria juridikoarekin bukatuko duen ebazpena.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago