Sinple bezain konplexua

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko abe. 31a, 01:00

Zuriñe Etxeberria

 

Badira inor ulertu gabe jazotzen diren gauzak. Azalpen logikorik gabe ematen direnak, alegia. Norbanakoaren bizitzaren denbora-lerroan agertzen den gertakizun orori azalpenak bilatzen tematzen ohituta bagaude ere, batzuek oinarri zientifiko-logikorik ez izateak eskertzekoa da oso.

Modu batean, egunerokotasunaren gainean hauts magikoen zirimiria eragiten baitute. Halako batean ipuinetatik aterata izan zirenak, geroxeago kristalezko bola batean sartuta bukatu duten herrixka horietan elurra mara-mara egiten duen bezalaxe jausten da hauts hori.

Maite duzun hori zaintzeko abisua ematen digute kontzientzia apur bat geureganatzen hasten dugun bezain pronto. Ondo egiten dute (edota dugu). Hala ere, maite dugun hori galzorian ikusten ez dugun bitartean inkontzientziarekin dantzatzen aritzen gara. Momentu horretara arte loaldi luzea izandako neurona aktibatu egiten da eta, orduantxe, zuen artean 10 metroko perspektiba bat sartu dela ohartzen zara. Berezi sentiarazten zaituen hori apurka-apurka aldetzen doala ikusteak ezinegona sorrarazten dizu; baina, ondoren, lasaitasuna dator, ondo baitakizu inoiz ez dela zure bizitzaren denbora-lerrotik desagertuko.

Zure alderik zoroena ateratzen dute eta triste zaudela aitortu gabe ere irribarrerik politena ateratzeko gauza dira. Begirada xume batean azaltzen den feeling berezi bat gordetzen duzue. Telepatian sinesten hasiak zarete, izan ere, telepatiak bakarrik azal zezakeen zuen artean dagoen konexio mentala. Kilometroak tartean egonda ere, helburuarekin bete-betean asmatzen du mezulariak. Hartzaileak, berriz, hauts magikoez haratago ezin du pentsatu. Jausi behar zaren bakoitzean, hor egoten dira, koltxoi handi eta goxo batekin zu hartzeko prest. Indar eza somatzen duzun egunetan ere, kirolariek hartzen dituzten barrita energetikoak baino eraginkorragoak diren terapiak egiteko gertu egoten dira beti. Zer esanik ez beren besoetan erori eta arnasa kentzen duten besarkada horietako bat jasotzen duzunean. Etxean bezala sentiarazten zaituzte beren besoen artean, kabi batean sartuta zaudela dirudi eta, bertan, segundoak izozten dira, mundua gelditu arte. Eta beti egoten dira zure ondoan halako bi, hiru, hamar edo ehun emateko. Beraiek dira lagunak. Letra larriz idatzi beharreko LAGUNAK.

Aurten, buruari ez diot buelta handirik eman behar izan; oraingoan, Olentzerori ez nion umeek ilusioz beterik idatzitako gutun horien fotokopia bat bidali. Sinple bezain konplexua izan da menditik urtero jaisten den tipo potxolo horri eskatuko niona: orain arte, ondoan izan diren lagun hauekin guztiekin ahalik eta denbora gehien exprimitzen segitzea!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide