Baina zein tik-takera bueltatu nahi dugun ezin dugu inolaz ere erabaki. Gehienetan tamalez (nahiz eta batzuetan eskerrak), baina oraindik Doraemon katu kosmikoaren Denboraren Makina gure irudimenean soilik existitzen da.
Hurrengo egoera orain egun batzuk eman da: kafe bat hartzeko geratu dira A eta B. A ez da oso eroso sentitzen, denbora luzea eman dute elkarrekin eta lagunek egiten dituzten gauzak egitearena ez du oso ondo eramaten. B-k jariotasunez hitz egiten du, A-k bitartean, nahigabe, baina tik-tak gehiegi entzuten ditu bere buruan. Etxera joateko garaia heldu da, A ordaintzen geratu da eta B, berriz, kanpoan zain dago. Kafetegiko atea bultzatu eta non sartu ez daki A-k, kasualitatez, B-ren parean C agertu da. Azken aldian, nahikotxo mintzatzen dira A eta C, hala ere, oraingoan, A-k ez du hitz askorik topatu eta azkar batean aurrera jarraitu du B-rekin. Damututa iritsi da A etxera, gaizki egin duela badaki, urduri jarri eta sikiera zer moduz bat esateko gai ez da izan. C harrituta geratu da eta mezu baten bitartez jakinarazi dio.Denboran atzera egiteko beharra ikusten du A-k, ordu erdi besterik ez du behar. Orratza luzea eskuma aldera 180 gradu mugitzeak munduan kataklismoa ez lukeela suposatuko pentsatzen duen bitartean, hanka sartzea mezu bidez konpontzen saiatu beharko duela onartu du.
Zenbat aldiz ez dugu A-ren desira berdina, hots, denbora menderatzearena, geureganatu? Sondeo txikia egin dut ondoan nituen lagunekin eta ondorio berdinera heldu gara: erantzun onenak eta jokabide aproposak beti berandu(egi) etortzen zaizkigu. Nagusiak hutsaren hurrengoari bezala hitz egin eta hitzik gabe geratzen zara; etxeratzean, ordea, sekulako erantzuna bururatu zaizu, baita adarra jotzen eguna eman duen horrentzat eta lehendabiziko egunean kasurik egin ez zizun neska/mutil horrentzat ere hitz egokiak aurkitu dituzu. Hala ere, beti bezala berandu… Denboraren Makina ailegatzen den bitartean, hankabiko gehienok atzerapenarekin bizitzen jarraituko dugu.