Mezuaren gorputzean smartphone baten irudia ageri zen, eta erdian, telefono zenbakia sartzeko gune zuri bat. Honi guztiari hurrengo esaldiak laguntzen zion: “ez sinetsi esan dizuna eta probatu”. Arnasa hartu eta berriro irakurri behar izan nuen. Begirada azkar batean tontakeri bat izan daitekeena… zer pentsa eman zidan. Lehenik eta behin, “ez sinetsi” eta “bikotekidea” hitzak esaldi berean nahastuz gero, zerbait gaizki dagoen susmoa sartzen zait. Konfiantza hitzaren antonimoak dira aurreko biak eta konfiantzarik gabeko harremanek etorkizunik ez dutela pentsatu izan dut beti. Bestetik, aro teknologiko honek noraino eramango gaitu? Mendiaren tontorrera iritsi eta sokarekin jausten eramaten utzi behar zaren momentuak baino bertigo handiagoa ematen dit aplikazio honek. Ez dakit benetan ondo funtzionatzen duen, baina zenbaki bat markatu eta munduko zein txokotan zauden asmatzen badu erreminta arriskutsua iruditzen zait oso. Izan ere, zure bikote edo lagunen kontrola neurririk gabeko kontrol sozial batean bihurtu daitekeelako. Eta badakigu herri honetan batzuek jendearen mugimenduak kontrolatzeko erreminta horiek zein gustuko dituzten…
Azkenik… eta ez badugu nahi non gauden besteek jakitea? Batzuetan, beharrezkoa egiten zaigu desagertzea. Telefono bidez edo internet bidez (Facebook, Twitter edo mezu elektronikoak, besteak beste) hogeita lau ordutan erantzuteko prest egon behar garela ematen du. Hortaz, teknologia berriek desagertu eta deskonektatzeko eskubide hori ere lapurtzen badigute, zer geratuko zaigu bi hankadunoi? GPS sistema oso lagungarria da ezagutzen ez duzun herri edo hiriburu batera bidaiatu behar duzunean baina sistema hori gizakioi aplikatzea, ordea, gehiegizkoa da.