Iritzia

'Anora'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2024ko abe. 13a, 10:00

Argazkia: 'Anora'

"Utopikoa den amets amerikarrari buruzko begirada propioa du Sean Bakerrek"

Tangerine (2015) lanarekin egin zen Sean Baker ezagun, eta ostean etorri dira The Florida Project (2017) eta Red Rocket (2021) arrakastatsuak. Horietan, lehen film ez horren entzutetsuenetan bezala –Startet (2012), kasu–, giza gorputzaren erabilera sexuala diruarekin (ekonomiarekin) erabat harremandu du, modu transbertsalean bere filmografia osoa harilkatu duen motibo narratiboa izanik. Bada, Cannesen Urrezko Palma irabaztetik datorren Anorak Brooklyngo emakumezko sexu-langile baten istorioa kontatuko digu baita.

Familia errusiar aberats eta oligarka bateko semea den Ivan (Vanya, senideentzat) ezagutu eta hark etxera gonbidatuko duenean, zur eta lur geratuko da Anora protagonista. Atarian zutik geldi, dantzaleku ilun eta bizimodu itogarritik askatuko duen mutikoarekin erreinu maitagarrian barneratzear dela ezin sinistuta dago. Leiho handi, espazio zabal eta argitsua duen jauregia, baina, ez da dirudien bezain idiliko eta perfektua. Bakerrek hasieratik ohartaraziko gaitu txanpon orok bezala, pertsonok, jendarteak, itxurek badutela aurpegi ezkutu bat. Hain zuzen ere, erreplika itzuliko dion beirate erraldoi eta beldurgarri baten aurrean kokatuko du zinemagile estatubatuarrak striperra aipatutako pasarte mugarrian, eta orduantxe hasiko da bera propio Ani izendura ere aldarrikatzen.

"Drama erromantiko baten antzera hasiko den narrazioak umore absurdoan aurkituko du babesa"

Utopikoa den amets amerikarrari buruzko begirada propioa du Bakerrek, haren filmetan bada gizatasunaren aldeko apustu sendo bat. Argi du zein den kontatu nahi duen istorioa, eta noren aldamenean egon nahi duen. Mikey Madison aktorearen gorputza sexualizatu eta objektualizatu ordez, gizarte maskulino, sexista, diruzale eta ustelari aurre egitean kikiltzen ez den emakumearen ausardian jarriko du azpimarra. Mundu krudel eta garratz honetan bizirauteko beharrak bultzatu du Anora/Ani bizimodu "ez eredugarria" eramatera, baina zinemagilearen begiradak oraindik ere esperantzarik badagoela gogoraraziko digu.

Ivan/Vanyarekin ezkontzean, honen gurasoek harremana eten nahiko dute. Aitaren morroiak etxera joango zaizkionean alde egingo du, koldar, eta emakumea haiekin geldituko da etxean; aurre egingo die, fisikoki zein dialektikoki. Badirudi filma ihes egindako mutikoaren bilaketa-prozesuan murgilduko dela, baina aitzakia hutsa izango da Bakerrentzat apustu sentibera eta baikorrean sakontzeko. Konplizitate istorio isil bat kozinatuko da, begirada eta keinu umilek piztutakoa.

Drama erromantiko baten antzera hasiko den narrazioak umore absurdoan aurkituko du babesa, eta film sozialen gordintasunak kolpatuko gaitu azkenerako. Hala, ispiluen joko sotil eta eraginkorrak gidatuko du Anora. Aurrekoetan jorratutakoari tiraka, AEBen B aldeari buruzko fabula moralista eraiki du,  ertzetan girotutako pertsonaiak lehen lerrora ekarriz, eta horien duintasuna aldarrikatuz.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago