Iritzia

'Hypnosen'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2024ko ira. 6a, 10:19

Argazkia: 'Hypnosen'.

"Dibertigarria da, sorpresa itzela, disfrutagarria. Komedia hutsal bat baino askoz gehiago"

Zinema suediarraz hitz egitean, ezinbestean, Ingmar Bergamanen figura azpimarratu beharko genuke. Filmografia zabala ondu zuen, beti ere, bizitzaren zentzuari, heriotzari eta maitasunari buruzko galdera existentzialak jaurtiz. Erantzunik gabeko auziz beteta daude bere filmak, tesirik inposatzeko inolako asmorik izan ez baitzuen; bilaketa konstante baten emaitza dira. Bikote harremanak eta beraien krisiak ardatz, Bergmanen itzala jarraitu duten zinemagileak asko izan dira herrialdean bertan, harengandik urrundu direnak bezainbeste.

Azken hamarkadan ezagun egin da Ruben Östlund, handinahia bezain polemikoa, baina aurrerantzean kontuan izan beharreko beste zuzendari bat ere azaldu zaigu, interesgarria oso: Ernst De Geer. Karlovy Vary zinemaldi txekiarrean aurkeztu zuen iaz Hypnosen opera prima, eta hiru sari lortuta, arrakastatsu estreinatu da gurean. Andre eta Vera ditu protagonista, emakumeen osasuna zaindu eta horien hilerokoa monitorizatuko duen app baten garatzaileak, startup lehiaketa prestigiotsu batean berau aurkeztuko dutenak.

De Geerrek umore absurdoa erabiliko du ekintzailetzaren munduan barneratzeko. Pitch saioen atzean ezkutatzen den lehiakortasuna, perfekzioa, eta hartu-eman interesatua ditu lehen instantzian aztergai, eta gertutik sumatu daiteke zinema-industria europarraren beraren (halakorik balego) egituraketa zein funtzionamendu estandarizatuari egindako kritika. Hala ere, pertsonaiek egingo dute benetan pelikula erakargarri.

Erabat txoratzekoak dira politikoki zuzenak beharko lituzketen portaerak birrintzen direneko pasarteak

Protagonisten psikologian, beldurretan eta ametsetan sakonduko du zinemagile suediarrak, baina ez Bergmanek egin bezala, eszenaratze zurrun, aseptiko, hotz eta pausatua erabiliz; kontrara, bizitasuna eman dio istorioari, Östlunden paranoia zentzugabeetatik hurbilago agian. Baina Hypnosen-ek zerbaiti heltzen badio, Joachim Trierren The worst person in the world-i da da. Norvegiarraren filmeko askatasuna eta freskura arnastu daiteke, eta hein handi batean, hango hartan bezala hemen ere parte hartuko duen Herbert Nordrum aktoreari esker gertatuko da.

Beharbada, Asta Kamma Augustek du rol ikusgarri, eszentriko eta zoroena, erretzeari uzteko hipnoterapia probatu ostean, interpretatuko duen Vera pertsonaiak guztiz aldatuko baitu bere jokamolde eta jarrera; baina Nordrumen pose tentel bezain kalkulatzaileak bermatuko dizkigu uneoro barre-algarak. Bi izaera eta ikuspegi ezberdin dituzte, eta De Geerrek asmatu du horien artean oreka fintzen. Erabat txoratzekoak dira politikoki zuzenak beharko lituzketen portaerak birrintzen direneko pasarteak, auzo-lotsak pantaila zeharkatu eta ikus-entzuleongan ez du babesik aurkituko, guk ere, besaulkian ezkutatu nahiko baitugu. Deseroso sentituko gara zenbaitetan, lotsagorrituta ere. Baina nekez kenduko digute irribarrea zinema aretotik irtetean.

Dibertigarria da Hypnosen, sorpresa itzela, disfrutagarria. Komedia hutsal bat baino askoz gehiago; apuratuz gero, Giorgos Lanthimos greziarraren lehen film kriptiko haiei ere keinu egingo diena. Bikote protagonista -maila pertsonalean ez ezik lan-esparruan ere- gizarte-moldeei nola kateatuta eta baldintzatuta dagoen erakutsiko digu De Geerren opera primak, gu guztion -behintzat mendebaldarron- errepresentazio satirikoa izanik. Horixe du filmak funtsean kontagai, uneoro aldatzen eta berrasmatzen ari den mundu bizkor eta agoniako honetako biziraupena.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago