'Aftersun'

Erabiltzailearen aurpegia Iker Zabala 2023ko urt. 26a, 09:52

Arg: 'Aftersun'

"Estasi sentsorialik ez, baina barrenak hartuko dituen gailur emozional tinkoa eraikiko du".

Aretoak (ia) erabat hartu dituen Avatar: The way of water-ek perfekzio teknikoaren aldarria egiten du, milioika pixeletako bakoitza bere tokian dagoen baieztapena, gure zentzuak erabateko estasira eramanez. Bada, nolabaiteko kontrapuntu estetiko eta morala balitz bezala, Charlotte Wellsen Aftersun itxura (eta soilik itxura) traketseko irudiz abiaraziko da, etxeko kamera batek hartutako irudi gertukoen bitartez, pixel handi eta desitxuratuekin. Ez da gure jasotze-pertzeptiboa beste maila batera eramango gaituen iruditeria, baina trukean asko eskainiko digu. Adieraz beteriko proposamena da, pixel horietako bakoitza iraganeko putzuan galtzen den oroitzapen ederra baita, zoriontasuna saminez gogoratzera behartzen gaituen distortsio printza, denbora izoztuak sortzen duen errealitate fantasmagorikoaren zeinua. Estasi sentsorialik akaso ez, baina Aftersun-ek gure barrenak hartuko dituen gailur emozional tinkoa eraikiko du.

Sophiek, 11 urteko neska eskoziarrak, aitarekin pasako du uda. Gurasoak bananduta daude, eta aitarekin (izenik gabeko pertsonaia) denbora gutxiago pasatzen duen sentsazioa izango dugu (filmean dena izango da iradokizun), nahiz eta elkar oso ondo ulertzen duten, eta hala, Turkiako udako hotel batean aste batzuk igaroko dituzte elkarrekin. Pelikulako bizkarrezurra apenas aterako da igerileku, hondartza, itsaso eta txiringitoetako ikuskizunen eremutik. Eta istorioak kutsu naturalista eta gertukoa garatuko badu ere, misterioak ugari bezain nabarmenak izango dira. Familia honetako historiaren zuloak betetzeko hainbat ikur emango bazaizkigu ere, ikusle bezala dugun intuizioa fintzera hauspotuko gaitu Wellsek. Noiztik daude gurasoak bananduta? Zein da urtean zehar aita eta alabak duten hartu emana? Bada galdera bat errelato guztia zeharkatzen duena eta erantzuteko biziki zaila. Nola liteke pelikulak tonu alai eta argia mantenduta ere erraietara sartzen zaigun malenkonia kutsu jasanezin hori izatea?

Zuzendariak bere haurtzaroko hainbat pasarte egiten ditu bere pelikulak. Fikzioa oroitzapen propioaren filtro horretatik iragazten du Wellsek, eta bizipenaren pisua presente dagoen sentsazioz behatuko dugu, berariazko elementu hori nortasun zigilu balitz bezala (Carla Simonen Estiu, 1993 gogora). Edonola, ez da umearen begiradan soilik oinarritutako pelikula, bi pertsonaia nagusien halako oreka bilatzen baitu.

Azken pasarteetan zaurietan jarriko du azpimarra. Iraganaren azalpen gutxi emango zaizkigu, baina paradoxikoki etorkizuna erakutsiko du neurtuta. Orduan egingo du eztanda pelikulak eta lokarri sentimental denak askatu. Sentimenduetan eragina lortuz, baina eremu lakrimogenoak saihestuz. Begiak heze eta gogoa ase uzten duen horietakoa, urteko pelikula gogoangarrienetakoa dugu Aftersun. 

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko artikulua hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago