Iraganaren inguruko hausnarketaren haria baliatzen du Santiago Mitre zuzendari argentinarrak, pelikulan zehar askotan adierazten den bezala, "herrialdeak bere historian izan duen prozesu garratzitsuena"-ren kontaketa egiteko. Urte pasatxoko tartean, 84 eta 85 tartean, bizitako historia pasartea ahalik eta era fidelean kontatzeko asmoa dauka (bukaerako kredituetan erakutsiko zaizkigun argazkietan pelikulan ikusi ditugun pasarteek duten oihartzuna sumatuko dugu eta baita antzezleak eta filmaren pertsonaiak berdintsuak izan daitezen egindako esfortzu handia) eta, oro har, ikusleari garaiko arazo politikoaren inguruko argazki landua erakutsiko zaio, diktadura ondorengo ezengonkortasun politiko eta sozialarekin, eta inguruarekiko paranoia sentsazio itogarriarekin.
Hala, Julio Strassera fiskalaren inguruan egingo du, nolabait, bira kontakizunak, Ricardo Darinek bere ohiko maisutasunarekin haragitzen duen pertsonaia honek osatzen duen arku dramatikoak eratuko du konpromiso politikoarekiko bilakaera, Jorge Rafael Videla eta bere gobernukide militarrek Argentinako desagertuen, hilketen eta torturen auzian erantzukizuna izan zutela frogatzeko bide horretan.
"Elementu izugarri dramatikoak badira ere, komikotasunarekin jolas egiteko tartea aurkitzen du"
Kronologiaren haria hartuta, drama judizial historikoaren estruktura klasikoa jarraituko du filmak, espero daitezkeen sorpresa, egoeren iraultze eta kontraesanekin. Oro har, auzi dramatiko eta politikoaz gainera, Strassera eta Luis bere laguntzailearen eboluzioa da filmaren motore nagusia, bakoitzak dituen paradoxekin lehiatu beharko baitu (batek ez zuen diktaduraren aurka era aktiboan parte hartu; bestearen kasuan, bere sendiak, tartean bere amak, diktadura begi onez ikusten zuten) eta elkarren ondoan lan eginez uxatuko dituzte bere barne mamuak. Bestalde, bada elementu bat pronostiko guztien aurka funtzionalki baliatzen dena: umorea. Elementu izugarri dramatikoak badira ere, komikotasunarekin jolas egiteko tartea aurkitzen du, oso sensibleak diruditen gaiekin, hala nola sistematikoki jasotzen dituzten mehatxu dei eta mezuekin edo Julioren umeak arriskuan egoteko aukerarekin. Bada, tonu egokia du filmak horren inguruan jolas egiteko trakets suertatu gabe.
Gainontzean, pelikulak igoera dramatiko progresiboa izango du, eta agian zama dramatiko gehiegizkoa izan dezake bere momentu klimatikoenetan, Hollywoodeko produkzioen tankeratik oso gertu. Hau bereziki nabari daiteke bukaerako akusazioan, musika epikoa tarteko. Eraginkorra argi eta garbi, baina karga melodramatikoa puztuegia du akaso. Gustagarriagoa da pelikulak sotilago jokatzen duenean; zentzu horretan, zoragarriak dira prozesuaren planifikazio eszenak, adierazkorki antzerki baten butaketan eserita egingo direnak. Justizia bera eszenikoki garatzea ezinbesteko den ideia interesgarria plazaratuz.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko artikulua hemen duzu ikusgai.