'Cry Baby'

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Lasa 2022ko eka. 24a, 08:00

"Gutxik jakin dute Watersen moduan parodia eta zinema-engainua horren ondo ustiatzen"

Rizoma jaialdiaren X. edizioa dela eta, John Watersek Cry Baby filma aurkeztu du. Nahiz eta "Zaborraren Aita Santuak" (ezin hobeto izendatu zuen William Burroughs idazleak) dagoeneko 76 urte izan, badirudi dandi punki berbera izaten jarraitzen duela. Little Richarden guardia zibil bibote mehe-mehe horrekin, eta kolore bizidun traje guztiz kitscharekin, Watersek argi utzi zuen ez duela oraindik gaztetako alaitasun lotsagabea galdu (filmaren aurkezpenean ez zen Johnny Depp eta Amber Hearden kasuaren inguruko txisterik falta). Argi dago egungo zuzentasun politikoak zinemagilearen eskema mentalak ez dituela gehiegi aldatuko. Areago, azken urteotan izan duen azken esperimentu zoroa Kiddie Flamingos izan da, 72an zuzendu zuen Pink Flamingos klasiko guztiz transgresorearen eguneratze moduko bat, filmeko pertsonaiez mozorratutako umeen gidoi-irakurketa bat, hain zuzen. Ideia guztiz eskandalagarria da, batez ere pelikula originalak koprofagia, zoofilia, intzestua, eta beste horrenbeste astakeria zituela kontuan hartuz gero; hona hemen, ordea, zuzendariaren gestu ironiko paregabea: filmaren azken bertsioa umeentzako formatura leundu du. Gaur egungo infantilismoari buruz zerbait esan nahian ari al da?

"Verhoevenekin batera, gutxik jakin dute parodia eta zinema-engainua horren ondo ustiatzen"

Seguraski tesitura berean aurkitu zuen Watersek bere burua 70eko hamarkadatik 80kora bidean, bere zinemaren formatu estilistikoak bira adierazle hura eman zuenean. Pink Flamingos eta Female Trouble bezalakoen izpiritu trash eta punkia pixkanaka indargabetzen ari zen 80ko hamarkadako amerikar zinemaren antsia komertziala, 70eko estetiken aniztasun eta erradikaltasuna garbituz eta merkatu-formuletara bideratuz. Watersen estrategia, ordea, logika komertziala barrutik suntsitzea zen (Verhoevenekin batera, gutxik jakin dute parodia eta zinema-engainua horren ondo ustiatzen). Hala, Hairsprayren arrakasta komertzialaren ondoren, ekoiztetxe guztiek finantziatu nahi zioten hurrengo proiektua: nerabe amodio istorio bat, Greasen antzekoa beharbada, 50eko hamarkadako bad boy figuraren erromantizazioa (James Dean, Elvis…). Filmeko izarra 21 Jump Street-eko nerabeen idolo bihurtu zen Johnny Depp gaztea izango zen. Beraz, zer atera zitekeen gaizki?

Erabateko porrota izan zen. Izan ere, bad boy/sad boyaren figura berriro ere goraipatu ez ezik, barregarri uzten zuen Watersek, arima "sakon" eta sufritzaile haien atzean ezkutatzen zen azalkeria heterosexuala agerian utziz. Ez litzaiguke batere gaizki etorriko, bada, Cry Babyren remake bat —ea Drake eta C. Tangana bezalakoek, rockstar sensibleroaren arketipo berriek, grupiekin oheratzeko isurtzen dituzten malkoak lehortzen ikasten duten—. Hori heldu bitartean, Cry Baby klasikoa berrikusi daiteke Filminen.

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago