'Alcarràs'

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Lasa Manterola 2022ko mai. 13a, 10:09

'Alcarràs'

"Benetan txalotu beharreko aurrerapausoa ez da Urrezko Hartza etxera ekarri izana, nekazal munduko drama lokala Berlinera eraman izana baizik"

Argi dago Kataluniako zinemak aurrerapauso garrantzitsua eman duela. Nazioarteko onarpena edukitzea ez dago gaizki, noski, eta Berlineko Urrezko Hartzarekin bada, are hobeto. Orain dela gutxi Galiziatik irten zen Novo Cinema Galego delako estiloak eman zuen jada Europara jauzia (horra hor Lois Patiñok eta Oliver Laxek Locarnon zein Cannesen izan duten arrakasta), eta baliteke Katalunian eratu den estiloarekin gauza bera gertatu izana. ESCAC zine-eskolaren ingurutik irteten ari den zinema ez da Galiziakoa bezain bereizgarria edo abangoardista, baina narrazioaren konbentzioak menperatzen ere jakin behar da. Proposamenak naturalistak dira, intimistak, eta politikoki konprometituak. Protagonisten ikuspuntu subjektiboetatik abiatuta, emakumezkoenetatik kasu gehienetan (zinemagileak ere emakumezkoak baitira), ekoizpen txiki hauek pertsonaien egunerokotasunera eta arazoetara zintzo hurbiltzeko premia erakusten dute.

Seguraski Carla Simon izan da, Estiu 1993rekin, "estilo katalan" hori bikainen findu duena, inguruan izan dituen Elena Martin, Mar Coll, Lucia Alemany, edota Roser Aguilaren ahots berriek baino gidoi hobea landuz, eta aktore ez-profesionalekin antzezlan apartagoak lortuz. Simonen bigarren filmak Alcarràs du izena, Lleidako landa herritxoak bezala. Nekazal krisi gogor baten aurrean, bertako familia baserritar batek izango dituen gorabeherak aurkeztu dizkigu film koral baten baitan, aktore amateurrekin menderatzen duen estilo naturalista hori mantenduz. Filmaren alde berritzaileena, ordea, zinema katalanaren ikuspuntu subjektibotik abiatuta protagonisten bizitzak bideratzen dituen arazo estrukturaletara eman duen jauzia da; ia-ia dimentsio handiko tragedia politiko baten estiloa uztartuz, familiaren eta maila lokalaren erretratu intimotik batere aldendu gabe.

Benetan txalotu beharreko aurrerapausoa, beraz, ez da Simonek Urrezko Hartza etxera ekarri izana, nekazal munduko drama lokala (Alcarrasgoa, kasu honetan) Berlinera eraman izana baizik. Alemania bera omen da Espainiar estatuaren fruta eta barazki erosle nagusia: iaz bakarrik, 3'5 milioi tona esportatu ziren bertara, 4.073 milioi euro —Covidaren krisia batetik, Ukrainako gerra bestetik, merkatu globalaren ametsa urratzen ari diren hainbeste errealitaterekin, gero eta mesfidantza handiagorekin ikusten ditugu merkatu harreman hauskorrak—. Zorionez, Simonen nekazal eszenak ez dira baserriaren ohiko idealizazioetan erortzen, eta naturalismoa muturreraino eraman du; hala, nektarina eta paraguaio bilketak baserritarren izerdiarekin nahasten dira. Egunero nektarina tonak Berlinera heltzen diren bezala, agian izerdi kirats pixka bat ere heldu zaie aurten, bi ordurako izan bada ere.

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago