Orain dela gutxi, SER irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, Jacques Audiard zuzendariak Paris, Distrito 13 bere azken filmaren erreferenteen artean Eric Rohmerren Mi noche con Maud/ Ma nuit chez Maud (1969) filma aipatu zuen. Bi pelikulek gai bezala harreman erromantikoak badituzte ere, bistakoa da bietan konprenitzen den amodioaren ikusmoldea guztiz ezberdina dela horietan.
Rohmerren pelikula klasikoa hamabost urterekin ikusi omen zuen Audiardek, aurten 70 urte bete behar dituen zinemagileak. Argi dago ordutik hona kontuak dezente aldatu direla, eta filmaren lehen hamar minutuak nahikoa dira aldaketa hori agerian uzteko: Camille (Makita Samba) eta Emilie (Lucie Zhang, bere zinema debut bikainean), filmeko protagonistetako bi, elkar ezagutu bezain laster oheratuko dira. Rohmerren klasikoan, bestalde, tentsio erotikoa poliki-poliki eraikitzen zen, zinemaren historian zehar egin ohi izan den bezala, tentsio sexual eta erromantikoaren burutzea istorioaren estasi narratiborako gordez (nahiz eta Rohmerren filmaren kasuan helburu hura burutu ez, ebatzi gabeko tentsioa hortxe zegoen, elkarrizketen interesa areagotzen).
"Zinemagile aldakorrak komedia tonu arina eman die poli-amodiozko gorabeherei"
Harreman erromantiko garaikideak ikertu nahi izan ditu Audiardek oraingoan. Eta nahiz eta Rohmerrena bezalako formatu klasikoak orain dela gutxi arte ondo funtzionatu izan duen (horra hor, esaterako, Linklaterren Before trilogia), baliteke millenial eta Z belaunaldien amodio ereduek estruktura narratibo ezberdinak eskatzea. Ikusten denez, Paris, Distrito 13k horixe jarri nahi du praktikan, Tinderren garaiko arazoak zinema narratiboan formalizatzeko saiakera bat, alegia. "Larrua jo dute. Baina, orain zer?", dio filmak; izan ere, sexuak konpromiso erromantikodun harreman bat ondorioz zertan ekarri ez duen garai honetan, mila aukera, mila harreman eredu, mila istorio, zabaltzen zaizkigu.
Western amerikar bat zein kartzela drama bat egiteko gai izan den zinemagile aldakorrak komedia tonu arina eman nahi izan die Camille, Emilie eta Noraren poli-amodiozko gorabeherei. Aurreko lanetatik zeozer mantendu badu, horiek estilistika paregabea, erritmo eta muntaia bikainak, eta antzezle-zerrenda zuzentzen soberako eskarmentua lirateke.
Arazo garaikideak lantzeko, bestalde, hortxe izan ditu Celine Sciamma eta Léa Mysius zinemagile "millenialak" (eta emakumezkoak) gidoiaren egilekide.
Hala eta guztiz ere, Audiardek ezin izan du bere kutsu katastrofista eta kontserbadorea guztiz ezkutatu. Bada, pertsonaia guztiak testuinguru berri honetan guztiz galduta dirudite, eta askatasuna ikusi daitekeen lekuan, Audiardek kaosa ikusten du, nahiko konbentzionala den itxiera batekin ordenatu beharreko kaosa.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.