'Licorice Pizza'

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Lasa Manterola 2022ko mar. 18a, 08:30

'Licorice Pizza'

"Mosaiko izugarri honek ez du parekorik aurtengo panorama zinematografikoan"

Sartu eta lehen astean egin omen zuen alde Paul Thomas Andersonek zine eskolatik; eta agian horrexegatik aldendu ohi dira haren gidoiak drama aristotelikoak izan behar omen dituen hiru ekitaldien estruktura klasikotik. Horren ordez, Andersonen estiloa gehiago hurbiltzen da literatura garaikidearekin lotzen ditugun formula libreetara, kontakizun ezberdinak nahasteko duen ohitura horretan gauzatzen den bezala (agerikoa da Robert Altmanen eta Raymond Carverren istorioak osatzen dituzten zorizko korapiloak, Magnolia bezalako bere lehen filmetan). Horrez gain, premisa klasikoak mantentzen dituzten filmak ere ez dira Andersonen erritmo irregularretatik salbatzen: The Masterren kasuan, esaterako, "funtsezko" momentuak eta peripeziak bereizezinak bihurtzen dira askotan, eta antzeko zerbait gertatuko da Licorice Pizzan. Horrexegatik komeni izaten da Anderson estilora ikustaldi batekin baino gehiagorekin hurbiltzea, posible baita estetika kaotiko horretara ohituta ez dagoenak egitura klasikoago bat espero izatea.

Halere, eta klimaxaren bilaketatik urrundu arren, filmatzeko era formalismo klasikora hurbiltzen da, izan ere, eszena partikularren berezitasunek berebiziko garrantzia hartzen dute, eta horietan erakusten du zuzendariak bere maisutasuna. Licorice Pizzan lortzen diren girotzeak, antzezle-zerrendaren lan izugarriak, argazki zein muntaia paregabeak, eta beste xehetasun milimetriko ororekin osatzen den mosaiko izugarri horrek ez du parekorik aurtengo panorama zinematografikoan. 90eko hamarkadako zinemagileen antzera (Soderbergh, Tarantino, David Fincher, Spike Lee…), filmak argi uzten du Andersonek ere 60 eta 70 hamarkadetako zinema guztia irentsi duela; Tarantinori bezala, garai harekiko ikuspegi retro-maniatikoa usaintzen zaio, bai zeluloidearen materialtasun galduagatik duen nostalgian, baita garaiko klasikoekin osatzen dituen muntaia musikaletan ere: The Doors, Bowie, Simone…

Inoiz baino gehiago politizatu den zinemaren munduan ez dira ohikoak izaten hain film "arduragabeak"; zer esanik ez, ez da harritzekoa kritikari askok 15 urteko mutil baten eta 25 urteko neska baten arteko maitasun-istorioaren ideia begi okerrekin begiratzea. Hala ere, agerikoa da zinemagileari ez zaiola ez eskandalua ezta zuzentasun-politikoari aurre egitea interesatzen. Gainera, istorioko gertaerak 1972an kokatzeak egungo arazo moralekiko nolabaiteko distantzia-ilusioa ematen du. Bada, amodioak berak maiz izaten duen izaera fantastiko eta arraro horren bila dabil, eta horren erraz lortzea mirestekoa da. Plazer bitxi eta axolagabe baten antza du pelikulak, maitasun eta nerabezaroaren oda eder honek. Baliteke erregaliz-pizza baten antzeko zerbait izatea: erabat itsasten ez duten elementuen konbinazioa, baina ondo funtzionatzen duen nahasketa berezia.

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago