Taxi baten barruan aurkitu genituen bi pertsonaia, gauez, Wheel of fortune and fantasy filmari hasiera ematen zion eszenan. Autoen barnealdeko espazioek eskaintzen duten babes horretan, gurpilen hotsek sortzen dituzten mantra leunek lagunduta, Meiko eta Tsugumiren intimitatean barneratu gintuen Ryūsuke Hamaguchik poliki-poliki. Zer esanik ez, lortu zuen intimitate maila hartara naturaltasunez heltzea ez da lan erraza, eta are gutxiago gidoiaren lehen eszenarekin egitea. Hala ere, Hamaguchik ondo ezagutzen du autoaren barnealdeak momentu intimo eta magikoak bideratzeko duen gaitasun hori; zinema aretoarekin komunean duen gaitasuna, hain zuzen. Drive my carrekin, berriz ere egin ditu aretoko butakak kopilotuaren eserleku, eta bolantea eskuetan hartuta, autoaren haizetakoa pantaila bihurtu du. Izan ere, aitortu duen bezala, Murakamiren kontakizun homonimoa zinemara moldatzeko arrazoi nagusietako bat horixe izan da: berriro ere autoetan elkarrizketak filmatzeko aitzakia izatea.
Autoaren barne espazioak eskaintzen dituen metafora meta-zinematografikoak Kiarostamik ere arakatu ditu lehenago, Hamaguchik berak duen antzeko erritmo pausatu eta zehatz horrekin gainera, baita apaindura gutxiko edertasun soil berarekin ere. Japoniarrak Drive my carren bere estilo estetikoa mantendu du, formatu narratiboari dagokionez, ordea, aski aldendu da Wheel of fortune and fantasytik. Izan ere, aurreko film hura bizitzako kasualitate eta topaketa magikoetan oinarritzen zen, eta oraingoan gehiago interesatu zaio premia tragikoa. Epeltasun hartatik aldentzean, alabaina, badirudi elkarrizketek indarra galdu dutela; aurreko naturaltasuna abstrakzioz blaitu da oraingoan, jatorrizko materialaren izaera literarioari dagokion bezala. Hala ere, baliteke abstrakzioak filmari ematen dion hoztasun puntu hori bat etortzea iraganeko galerez eta traumez markatutako pertsonaien isiltasun hotz horrekin.
Autoaren eta zinemaren arteko loturara bueltatuz, muntaiaren trantsizioetako batek metafora hobeto argitzen du: une batean, kasetearen birak gurpilen birekin nahastuko dira. Bai auto-gurpilak, baita film-karreteak ere (filmean zehar aurkituko ditugun adierazpen artistiko guztiak: diskoaren birak, emaztearen kaseteak, Chejoven antzezlana…), modu terapeutikoan ulertuko ditu Hamaguchik. Izan ere, baliteke mekanismo horiek egiten duten bezalaxe, damutzeak eta iraganarekiko obsesioek ere nolabaiteko mugimendu zirkular bat jarraitzea. Hala ere, eta kontraesankorra badirudi ere, ez al dira neurri batean beharrezkoak mugimendu zirkular horiek bidean aurrera egiteko, gurpila martxan jartzeko? Kontraesankorrak dirudite askotan gizakiok iraganetik sendatzeko eta bidean aurrera jotzeko izaten ditugun estrategiak.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.