Bueltatu ote dira bidaiari erromantikoen egunak, Jack Kerouacen On the Roadeko norabide falta edota Dennis Hopperren Easy Riderreko ihesaldi errebeldeak? Bueltatu ote da bidaia kontra-kulturala, familiarekiko, ekonomia kapitalistarekiko eta sistemaren erritmoekiko haustura transzendentala: benetako norbera bilatzeko bidaia? Bitxia bada ere, nahiz eta etxetik kanpo aisialdian ibili, egungo bidaiari horietako inork ez luke "turista" hitzarekin lotzerik nahi. "Turista ez, bidaiaria" esaten dio Norak, Lara Izagirreren azken filmeko protagonistak, Urdaibai inguruko surflari bati. Jakingo du Norak, seguru asko, turista dela egungo ekonomiaren bezerorik kuttunena, eta arriskuan jartzen duela horrek bidaiari errebeldearen mito klasikoa.
Aitona hil eta bidaia-aldizkari batean lan egiteko aukera galdu ondoren, hogeita hamar urteko neska gazteak furgoneta bat hartu eta errepidera joko du. Estualdi horretatik egin nahi du ihes. Bizkaiko kostaldetik hasita, Iparralderaino helduko da, eta eder filmatuko ditu Zornotzako zuzendariak euskal kostaldeko parajeak, Lekeitiotik Baionara. Pena da modan jarri den 4:3 ratioa gehiago ez irekitzea Urdaibaiko paisaia zabalek merezi duten moduan; baina ulertzekoa da, formatua bat baitator film osoan usaintzen den Instagrameko izpiritu pinpirinarekin. Izan ere, garaiko bidaiari errebeldeen hutsunea Instagrameko wandererrek bete dute. Norak bezala, baserri galduetako produktuak jasotzen dituzte real fooder izateko, euskal surfer sexyekin ligatu, eta Izaroren kontzertuetara joaten dira, bidean arrantzaler bizkaitarrak ezagutuz (galzorian dagoen espezimena balitz bezala tratatuz).
Hala ere, Nora ez da Instagramen agertzen diren traveller "perfektu" horietakoa: eta filmaren fatxadaren ostean, kontraesan interesgarriak aurkituko ditu ikusleak. Neska arrunta da Ane Pikazak sinesgarritasunez gorpuzten duen pertsonaia, argi-itzalez betetako millennial bat. Finean, road movie honek ondo islatzen ditu bidaiariaren erromantizismoak ezkutatzen dituen gurpil zulatuak, baita protagonistaren iraganeko akatsak eta tokiko jendearekin erakusten dituen arduragabekeriak ere. Ez da heroia, eta duen heldutasun falta horrekin eraikitzen da alde komikoa, filmaren elementu interesgarriena. Horrela, solturarekin eta erritmoz zuzentzeaz gain, Izagirrek filmaren beraren kode estetikoak zalantzan jartzen ditu istorioak aurrera egin ahala, bidaiari happy floweraren kontraesanak azalean utzita. Phoebe Waller-Bridgek Fleabagen egin bezala, zuzendariak umorez lantzen ditu gaztearen iguripenak: ez baita erraza gogorra eta sentibera, independentea eta konprometitua, erakargarria eta sexualizatu gabea, errebeldea eta zentzuzkoa, dena aldi berean izatea. Eta are gutxiago langabezian egonez gero.