Luze galdutako haurtzaroaren paradisura begira topatzen du Oskar Alegriak zumiriki, agertu eta desagertzen den irla mirakuluzkoa. Fantasia hutsetik harago, Arga ibaiko ertz isolatuan eraikitzen du etxola, jolasen lekuko izan zen irlaren parean, presa bat eraikitzearen ondorioz urak irentsitako lur desagertua baino ez dena egun. Iragana, oraina eta bien arteko zubia den memoriaren eskutik, lau hilabetez biziko da Alegria ibai ertzeko etxolan, zenbait animalia kuxkuxero eta bi oiloen konpainia soilaz, irla izandakoaren zantzu diren zuhaitz luzangekin batera.
Kamera estenopeikoen gisa, etxola ilunaren zirrikituetatik begiratuko du natura, distira harrapatu eta modu hunkigarrian eskainiz. Kosmos berezi honetan murgilduta, Oskar entzun, ikusi eta bere esku trebea antzemango dugu, oihanean barreiatu zituen kamerek bildutako irudietan. Egonaldi bakartiaren xehetasunak eta kontakizun eskuzabal eta anitza konposatzen du nafarrak. Ingurunearekin nahastuz, subjektu ugariko bilbe aberatsa onduz doa, izaki bizidun orori bere unea eskainiz: gaueko animalien joan-etorriei, ezusteko bisitariei, haurtzaroko irla izan zena ferekatzen duen uraren jarioari edota zuhaitzen arteko espazioari.
Basotik kanpo ere garamatza Zumiriki-n (2019). Arbolen adarrak bezalaxe, erro beretik sortu eta hamaika bidetara zuzentzen dira istorio hau osatzen duten pasarteak. Aparteko aipamena merezi dute batzuek, hala nola, idi gidarien filmazio zaharren soinua berregitearena edo euskal Pirinioetako zenbait artzainekin emandako azken gauarena. Benetan zoragarriak, haien kabuz film labur itxurosoak izan zitezkeen biak.
Filmak bi orduko iraupena du eta doinu kontenplatiboa uneren batean luzetxoa gerta badaiteke ere, orokorrean, dinamismoak eta ironia puntu freskoak gidatzen dute zinta. Eskertzekoa da basoko egunerokotik harago eramatea narrazioa, alor esperimentalera, aterabide anitzen lanketaren eta narrazio lineala apurtzearen eskutik. Hala eta guztiz ere, hasieratik aldarrikatzen du Oskarrek filmatzeak behar duen pazientzia; eseri eta mundua bere horretan harrapatzeko prozesu geldoaren xarma. Horri jarraiki, ikusle ixil eta konprometituak bihurtuko gara, haurtzaroaren zentzuak edo aspaldi desagertutako behi misteriotsuaren mugimenduak gertutik miatuz.
Zumiriki film txukuna izateaz gain, esperientzia ederra ere bada, ekainaren 10ean Oihanederren ikusi zena. Oihanetik hirira eta hiritik oihanera botatzen den begirada da, distantzia material zein sinbolikoa nolabait birrintzeko apustua. Izan ere, ibai ertzeko txoko hartatik, haurtzarotik hain gertu eta, aldi berean, hain urrun, lausoak dira gauzen arteko mugak: gizona eta animaliarenak, etxea eta naturarenak… Finean, horixe dugu filmaren mamia, zumirikiren magia.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.