'El agente topo'

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Santamaria Vidan 2021ko api. 23a, 10:00

"Maite Alberdiren begiradak arrakala irekitzen du isolamendu zitalean"

Zaila da adin, interes eta zaletasun anitzak asebeteko dituzten filmak topatzea, batez ere, harritu zein hunkitzeko gaitasuna ere izatea eskatzen badiegu. Aste honetan, ordea, ez dago zertan gehiegi miatzerik, hementxe baitago El agente topo (2020) zoragarria, Maite Alberdi dokumentalista txiletarraren azkena.

Los niños (2016) filmean adierazitako bihozberatasunetik urrundu gabe eta, La Once-n (2014)  egin bezala, adineko pertsonak protagonista bihurtzearen hautuari helduz; bueltan da Alberdiren naturaltasun xamurra, egunerokotasuna zuhurki behatuz edertasuna nonahi aurkitzeko ahalmena duena.

Hain zuzen ere, ederra eta ona den ororekiko bere atxikimenduaren arabera definitu genezake Sergio Chamy, 83 urteko gure espioi traketsa. Egunkarian irakurritako iragarki batek txundituta, Romulo izeneko detektibe pribatuaren bulegoan aurkeztuko da Sergio, detektibearen esanetara jarri eta zahar-etxe batean infiltratuko da, han ematen diren ustezko tratu txarren inguruan zelatatzeko.

Fikzio hutsa dirudien premisa zoro honi jarraiki, noir dokumentala sortzeko ideiarekin abiatu zuen Alberdik proiektua. Emaitzak ukitu jostalari hori galtzen ez badu ere, azkenean, detektibe jolasaren narratibaren gainetik gailendu egiten da ikerketa honen guztiaren alderik gizatiarrena. Izan ere, ezkutuko kamera, txosten, disimulu eta susmoez haratago, Sergio gizon onbera dugu. Egoitzako andreen miresmena piztuko du hitz gozoez eta entzuteko nahiaz jantzitako bere adeitasunak; eta, nola ez, ikusleon bihotzetan lekutxoa egingo du ere.

Hala, adineko infiltratuaren bitxikeriak hainbat egoera absurdo eta elkarrizketa benetan barregarriak oparituko badizkigu ere, argi bereziz beteko da dokumentala sator lanak ahaztu eta kideekiko kezka zintzoa pizten denean.

Zoragarria da El agente topo. Zoragarria da Sergio eta, orotara, zoragarria da Alberdik eta bere lantaldeak egindako lana, zeinak hasierako begirada mesfidatiak gainditu eta gertutasun osoz jardutea ahalbidetu baituen. Horri esker, familien aldetik abandono egoera latza bizi duten egoitzako atso-agureekiko oso ondo neurtutako errespetuzko distantzia mantentzea lortuko da honetan.

Era berean, filmak ez dio bere buruari ukatzen egunerokotasuneko leku edota une zatarrenetan edertasuna bilatzeko aukera. Ugariak badira ere, ez naiz plano atsegingarriez soilik ari. Behaketan trebatutako Alberdiren begiradak arrakala irekitzen du isolamendu zitalean, oraindik ere ospatzeko eta zaintzeko dugun guztia azpimarratuz.

Dokumentalak Zinemaldiko 68. edizioko ikusleak hunkitzeko parada izan zuen pasa den irailean eta, ordainetan, Europako Film Onenaren saria jaso zuen, ikusleek beraiek bozkatzen dutena.

Nazioarteko goi-mailako jaialdiei dagokionez, halaber, El agente topo astelehenean lehiatuko da Oscar sarietan ere –apirilaren 26an–, film luze dokumental onenaren izendapena lortzeko aukera duelarik.

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.    

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago