Munduko sabaitik zein gertuko tontorretatik datorren aire fresko bolada eskaintzen digu urtero Bilbao Mendi Film Festivalek. Nazioarteko sona bereganatu duen zinemaldi bereziaren hamabosgarren edizioan aurkeztu zuen Iñaki Peña medikuak Mendian hil, hirian hil (2020) izeneko lana, Aulki hutsak (2013) eta S(u/a) minetik bakera (2017) filmekin batera heriotza eta doluari buruzko trilogia osatzen duen dokumental hunkigarria.
Aurkeztu ziren hamabost euskal ekoizpenen artean, Sail Ofizialean lehiatzeko izan zen aukeratua Mendian hil, hirian hil, beste lau euskal filmekin batera. Erakusleiho ezin hobeaz gozatzeko aukeraz gain, euskarazko film onenaren saria eskuratu zuen eta, ordutik aurrera, Euskal Herriko zenbait aretotan egin du agerraldia. Igande honetan, esaterako, apirilaren 18an, Aramaioko kultur etxean izango da ikusgai.
Gai aldetik dokumentalak konkistatzen dituen gailurrek bertigoa eragin badezakete ere, lanketa benetan da begirunekoa eta ekoizpena, orotara, etxekotasunez beterikoa. Izan ere, ogibidez zainketa aringarrietako medikua den Iñaki Peñak Arteman kooperatibaren laguntza izan du ekoizpen lanetan, bai eta Eñaut Zubizarretaren ukitu fina soinu bandaren atzean. Kalitate handikoak dira irudia zein musika, hizlari ezberdinen xerpa duinak.
Esparru oso ezberdinetako lagunen testigantza eta gogoetek eraikitzen dute lau ataletan (Mendian hil, Hirian hil, Mendian bizi, Hirian bizi) banatuta dagoen ordubeteko filma. Jorge Nagore kazetariak, eskarmentu handiko Juanjo San Sebastian eta Felipe Uriartek, doluan aditua den Izaskun Andonegik, Peñaren lankide diren hiru medikuk eta mendian hildako hiru gazteren familiek hezurmamitzen dute dokumentala. Mendizaletasun amorratuz blai dago filma, hala eta guztiz ere, protagonista horien guztien sufrimendu, beldur eta itxaropenak dira benetako muina. Hala, heriotzaz eta doluaz haraindi, bizitzeko eta hiltzeko moduez dihardu filmak.
Ramon Olasagastiren Mendiminez liburuak irekitako bideari jarraiki, gehien maite zutena egiten bizitza galdu zuten guztiei zuzentzen den omenaldi ederra da Mendian hil, hirian hil. Errespetu eta duintasun osoz jaso egiten da mendian zendutako horien memoria, oroimenaren beharrezkotasunaren aitortzan. Aldi berean, haitzen handitasunetik harago, hiriko bizitzara jaisten du Peñak auzia. Heriotza kulturalki ezabatuz goazela aipatzen du hizlarietako batek: nahiago dugu gure begiak eta barruak itxi eta amaiera desnaturalizatuz, gugandik aldendu. Hil, baina, guztiok hiltzen gara.
Izan zortzimilako baten tontorrean, izan etxeko goxotasunean zein ospitalean… heriotza duinaz eta doluaren garrantziaz hitz egiteko abagunea gordetzearen beharrezkotasuna azpimarratzen du dokumentalak. Hortaz, lehen lerroan ipintzen dira zaintza lanak eta gure hauskortasuna onartzeko erronka.
Mendiarekiko maitasun bizia eta bizitzeko grina adoretsua; hala deskribatuko nuke filmaren espiritua. Ezagunak diren aurpegi eta paisaiak antzemateaz gain, zeharo potenteak diren diskurtsoekin identifikatzeko aukera ere bada, maiz lanbrotuta dirauten hainbat auzi perspektiba ezberdinetatik.
Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.