Oparotasuna, ospakizuna eta, bat-batean, triskantza. Odola, gorpuak eta tinta berdea. Mexikoko klase sozial altuko kideen ezkontza egun zoriontsutik abiatuta, gizarteaz eta gure garaiaz hausnartzeko asmoa duen film distopikoa sortu du Michel Franco mexikarrak; besaulkitik mugitzeko beharrik gabe, ikuslea gogor astintzen duen obra ausarta.
Azken hogei urteotan, hirutan izan da Cannesen saritua Francoren lana. Zuzendariaren nazioarteko sona 2012an bermatu zen, Después de Lucía (2012) izeneko filmaren eskutik, zeinak epaimahaiaren aipamen berezia eskuratu baitzuen 2012ko Zinemaldian, Horizontes Latinos sailean. New Order (2020) du izena haren seigarren zintak eta pasa den urteko Zinemaldian Perlak sailean aurkeztutakoa dugu. Zintak epaimahaiaren saria irabazi zuen Veneziako Mostran eta aurreko astean ailegatu zen aretoetara.
Francoren azken proposamenak orotariko iritziak jaso ditu ikusleen partetik, esan bezala, irensten zaila den horietakoa baita. Profetikoa eta beharrezkoa batzuentzat, gehiegizkoa eta hutsala besteentzat. Mutur batean edo bestean kokatuta ere, aitortu beharra dago begiak pantailatik aldendu ezinik mantentzen zaituela filmak, darabilen tentsio maila altua eta eraginkorra dela eta.
Hasierak Marian (Naian Gonzalez Norvind) eta Alan (Dario Yazbek Bernal) gazteen ezkontzan kokatzen gaitu, familia aberats eta eragin handikoen topagunea. Gonbidatuen opariak jaso eta lagunekin dantzatu, ezkongaiek distira bereziaz gozatzen dute haien egun berezian. Poliki-poliki, ordea, hondamendiaren hazia ikusgai egiten hasten da. Festaren zaratatik haratago, auzo esklusiboko segurtasunaren bestalde, iraultza piztu da hirian; aberatsak barkatuko ez dituen iraultza.
Manifestarien biolentziaren eta sarraskien indarraren lekuko izango gara ondoren, tiro bat bakarra ere aurrezten ez duen filmaren bigarren atalean. Anabasa hori guztiari aurre egiteko, zintari izena ematen dion "ordena berria" ezarriko du Estatuak, indar militarren kontrolpeko agintea. Filmean zehar biolentzia ugaria eta doakoa da. Hoztasun ia klinikoaz erakusten dizkigu Francok kalean pilatzen diren gorpuak eta hirugarren atal asaldagarriak, ez du itxaropenerako zirrikiturik ere uzten ikuslearengan.
Bi dira, nire aburuz, aipamen berezia merezi duten filmaren elementuak. Lehena, jada iruzkindu dudan indar narratibo bortitza, arnas gabe uzten zaituena filmak irauten dituen 88 minutuetan zehar. Gupidagabea da Francok erdiesten duen erritmoa, eszena batetik bestera amorruz bultzatzen gaituzte gertakizun kaotikoek, jazotzen ari denaren larritasuna tentuz aztertzeko ia aukerarik eman gabe. Bigarrena, proiektuaren neurriak dira: estra moduan 3000 lagun ingururen parte hartzea eskatu duen produkzio lan askonahia baita. Ikaragarriak dira sarraskien biharamuneko irudiak, DFko kale nagusiak goitik behera suntsituak agertzen dira eta hotzikarak eragiten ditu plazetan pilatzen dira manifestarien gorpuak ikusteak.
Horrez gain, filmaren planteamenduak berak sakontasun handirik ez duela sinisten dut nik. New Order ikusgarria bada ere, distopia sozial bezala nahiko azalekoa dela deritzot, profetikoa baino, zinikoa eta erreakzionarioa. Azken urteotan mundu mailan eman diren gatazka eta mobilizazioei begira lan egin duela dio zuzendariak, bere ondorioak, ordea, ezin dira sinpleagoak izan: txiroak versus aberatsak abiapuntua zehazten duenean edo, are okerrago, txiroen aldarri zilegizkoak ezabatu eta zonbi itxurako masa amorfo bihurtzen dituenean.
New Order pelikulak hausnarketa zorrotzaren amu mamitsua eskaintzen dio ikusleari, finean, biolentzia esplizitua erakustean sostengatzen den diskurtso traketsa saldu ahal izateko. Tentsioa eta tiro hotsak, horiek bai, ziurtatuta daude.
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.