Dagoeneko ez al duzu Martin Eden ezagutzen? Erantzuna baiezkoa bada, Jack Londonen eleberri homonimoan libreki oinarritutako Pietro Marcello zinemagilearen moldaketak ez zaitu, inolaz ere, hotz utziko. Bestalde, erantzuna ezezkoa izanez gero, aukera zirraragarria duzu aurrean, bai London maisuaren zein Marcello abilaren pertsonaia ezagutzeko. Hura maitatzea edo gorrotatzea, hori bai, zure kontu.
Londonena edo Marcellorena, Estatu Batuetan zein Italian kokatu, Luca Marinellik gorpuztu edo ez… Horrek guztiak ez du gehiegi axola, izan ere, Martin Eden arketipoa baino ez da, han edo hemen, gaur eta atzo topatu dezakegun heroiaren irudi berria.
Hala bada, estimagarritzat jo daitekeen edozein heroik bezala, bidaia abiatu beharko du gure Martin Edenek. Bere trabesia, ordea, ezin daiteke mapetan marraztu: kulturala eta morala (ez hainbeste politikoa, nire aburuz) baita, lekualdatze hutsa baino gehiago. Puzten eta puzten gorantza abiatzen da Martin, bai maila sozialean zein plano intelektualean, Napoliko kale zikinetatik testuinguru intelektual burges are zikinagora.
Dagoeneko heroia gertukoa zaigunez gero, goazen bere motibazio eta helburuak ezagutzera. Lehenengo horri heltzeko, klasikoen arteko klasikora baino ez dugu jo behar. Ordezka dezagun Troia Napolirekin eta ezabatu dezagun izenaren hasierako "h" hizkia; Ulises mitikoarentzat bezalaxe, Elena izeneko emakumea izango da Martinen bidaldiaren aitzakia. Elenaren anaia, Arturo Orsini, portuan jipoitua izatetik salbatzen du Martinek egun batean, eta hark irekitzen dizkio familia esker onekoaren etxeko ateak. Elena (Jessica Cressy) eztia ezagutu eta berehala maitemintzen da Martin, haren arreta bereganatzeko xedearekin kulturizazio prozesua abiatuz. Aurrerantzean, Elenarekin ezkontzeko baldintza bakarra bere burua idazle arrakastatsua bihurtzea izango da.
Geure heroi gaztearen ametsek bultzatzen dute trama aurrerantz: bizitzaz gozatzeko irrikak lehendabizi, ezagutzeko nahiak bigarrenik eta arrakasta erdiesteko borondateak azkenik. "Zuek bezalakoa izan nahi dut" adierazten dio Martin xaloak Elenari, etorkizunean damu samintsua eragingo dion esaldiaz. Pasioz miresten dituen "haiek" bezalakoa izatera ailegatuko da azkenean Martin bizia eta irribarretsua. Zer geratzen da, baina, dena bizi izan denean, dena ezagutu eta loria guztiak irabazi direnean?
Dikotomia nabarmenen artean orekari dabilen istorioak erantzun polarizatua sorrarazi du nigan ere. Harreman handirik ezin aurkitu hasiera harmoniko eta ederraren eta, bat-batean, arrapaladan bezala, gainera etortzen zaigun Martinen gainbeheraren artean. Filmak sentiarazi didan miresmena ozpinduz joan da azalpenetan motza eta artifiziala iruditu zaidan amaierara hurbildu ahala.
Hala eta guztiz ere, ezin daiteke ukatu guztiz ederra eta zaindua badela Marcelloren zinta. Irudiari zein soinu-bandari erreparatuz gero txalogarria da oso eta, zer esanik ez, artxibo irudi zaharrak modu hain naturalean txertatzen dituen muntaketa lanari dagokionez. Istorioak berak berritzailetik gehiegi eskaintzen ez badu ere, zuzendari napolitarraren proposamenaren originaltasuna, batik bat, denboraren trataera bereziari zor zaio.
Heroiaren izaera anakronikoari estu heltzen dio Marcellok denboran beran kokatzen zaila den filma eskaintzeko. Zabukatzen dabilen kameraren mugimenduek garai batetik bestera jauzika garamatzatela igarri dezakegu: Nola ulertu gerraosteko Italia dirudien testuinguruan XIX. mendera hurbiltzen gaituen Elenaren izaera eta janzkera? Zenbat hamarkada pasa dira Martin aberatsa denetik eta zergatik ez da errealitatea bezala bera ere zahartzen? Piztu berri den zer gerrari buruz ari da hondartzako agurea eta zergatik ikus daitezke hondoan alkandora beltza soinean daramaten soldaduak? Orainaldi batean finkatzeari trabak jartzen dizkiete ere jada aipatutako artxiboko irudiek zein off ahotsean irakurtzen diren gutun eta idazkiek.
Ordena kronologikoa zabartzeko beharrik gabe, hankaz gora ipintzen du filmak denboraren balio sakratua. Hala bada, formen aberastasunak bultzada kitzikagarria ematen dio filmari, zeina pertsonaia klasikoen moldaketa zinematografikoen alorra iraultzera etorri baita.
Oraindik ez dakizula Martin Eden nor den? Bada, segi zinemara eta emaiozu aukera Londonen pertsonaia tragikoari, Marcelloren heroi anakronikoari edo… dena delakoari!
Albiste hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.